Iazko denboraldian KAE 1 ligan jokatu ondoren, bikain hasi dute denboraldia oriotarrek. "Pixkanaka hobetuz goaz eta horrela jarraitzea da gure asmoa. Jakin badakigu Kaiku, Urdaibai eta gu nahiko parekatuta gaudela eta ez dela erraza izango banderak irabaztea, baina orain arte bezala lan ona egin eta ohorezko txandan mantentzea da gure asmoa", azaldu du Ibon Huegun Orioko Arraun Elkarteko lehendakariak. Oriotarrak estropadak borobiltzeko gaitasuna nabarmendu du traineru horiaren ezaugarri modura. "Estropadan zehar zertxobait atzetik izan bagara ere, azken txanpan indarrak atera eta aurrea hartzea oso garrantzitsua da".
Zumaiarrek ere sentipen baikorrarekin amaitu dute asteburua. Izan ere, zumaiarren traineruak "gustura eta indartsu" abiatu du denboraldi berria. Azken postua zazpi puntutara utzi eta hamaikagarren postuan badira ere, aurrera egiteko gai direla erakutsi baitute asteburuan. Larunbateko estropadan azken luze «bikaina» egin zutela nabarmendu dute taldeko arduradunek eta igandeko lehian "asteburua borobildu" dutela.
Zazpi puntutara utzi dute azken postuan sailkatuta dagoen Castro eta Pedreñarekin puntutan berdinketa lortuta bi puntura dute Pedreña. "Igandean zazpigarren postuan sailkatu izanak aurrera jarraitzeko indarra eta gogoa eman die arraunlariei; oso gustura gaude egin duten lanarekin. Aitortu behar dugu txanda eta kale oso onak tokatu zitzaizkigula; dena dela, horrelakoetan arraunean egin behar izaten da eta mutilek beren lana txukun egin zuten; merezitako zazpigarren postua izan da", aitortu dute.
Aurrerantzean ere asteburuko martxa jarraitu eta pixkanaka-pixkanaka sailkapenean aurrera joatea da euren asmoa. "Gure lehen helburua bete dugu, azken postua atzean uztea alegia". Horretaz gain, harrobiko arraunlari gazteen lana ere nabarmendu dute zuzendaritza taldetik. "Traineru nagusiko hiru arraunlari min hartuta ditugu eta horien ordez asteburuan hiru arraunlari gazte estreinatu dira TKE Ligan".