Alex Gurrutxaga zarauztarrak irabazi du Kazetari Berria atalean Rikardo Arregi saria

Urola Kostako Hitza 2013ko uzt. 1a, 10:56

Alex Gurrutxaga zarauztarrari eman diote Kazetari Berri saria. Alex Gurrutxaga zarauztarrak irabazi du literatur kritikei dagokion Rikardo Arregi saria. 2012ko urritik 2013ko apirilera bitartean BERRIAn argitaratutako kritikengatik saritu dute BERRIAko kolaboratzailea, Kazetari Berria atalean. Besteak beste, Anjel Lertxundiren Paper festa, Karmen Gisasolaren Gaur zortzi eta Joxe Mari Iturralderen Ilargi horia-z idatzi du. "Ondo, argi eta zehatz" egin duela esan du epaimahaiak,  "errespetua" erakutsiz eta "egiazko analisiak" eginez. 3.000 euro, diploma eta Xabier Lakaren garaikurra jaso ditu zarauztarrak, eta kazetaritza eredugarria egin baina "beren lana hain ikusgarria ez denei" eskaini die saria, Txilikuri bereziki. Bestalde, eskaera bat egin zien bertaratu ziren politikariei: "Herria lehenbizi buruan eraiki behar da, herri kontzientzia izan behar da. Hori askotan kulturatik eta kazetaritzatik egiten da". Hausnarketa hori "oso kontuan" izateko eskatu zien. Andoaingo Bastero kulturgunean Rikardo Arregi kazetaritza sariak banatu zituzten larunbatean, Gurrutxagaz gain, Berriaren bidea ere saritu zuten Olinpiar Jokoei egindako jarraipenagatik. Horiez gain, Euskalerria irratiak, Ainara Argoitia eta Lander Arbelaitz Barren aldizkariko eta Argiako kazetariak, hurrenez hurren, jaso zuten saria. Euskarazko kazetaritzaren kalitatea, bikaintasuna eta berrikuntza bultzatzea da Rikardo Arregi kazetaritza sarien helburua. Hemen ikus daiteke sari banaketako bideoa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide