Otezuri egoitzaren egoerari "irtenbidea lehenbailehen" emateko eskatu dute egoiliarren familiek

Onintza Lete Arrieta 2013ko ekainaren 29a

Gaur eguerdian egin duten agerraldian. Erdian, Uxoa Silveti eta Mari Tere Gorriti (Onintza Lete Arrieta/Hitza) "Senitartekoak ahalmenik gabe eta beldurrez sentitzen gara. Beldurra sentitzen dugu langile murrizketaren ondorioz zerbait gerta dakiekelako gure senitartekoei. Egoitzan babesgabeko pertsona asko dago. Gehienak menpekoak edo oso menpekoak dira, egunero arreta eta zaintza bereziak behar dituzte, eta gaur egun ez dira jasotzen ari". Zumaiako Otezuri adinekoen egoitzako egoiliarren hainbat senitartekok agerraldia egin dute gaur eguerdian, eta egoera hala azaldu dute han bildutakoen izenean Uxoa Silvetik eta Mari Tere Gorritik. Gerozerlan enpresak kudeatzen duen egoitzako langileak greba mugagabean ari dira, lan hitzarmen baten alde.  50 egunetik gora daramatzate jada gutxieneko zerbitzuak eskaintzen egoitzan. Egoera horren aurrean, Otezuriren atarian elkartu dira hogei lagunetik gora, eskari zuzena egiteko: "Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Gerozerlani eskatu nahi diegu egoera latz honi lehenbailehen irtenbidea emateko, erabiltzaileen bizi kalitatea gero eta ahulagoa baita". Irtenbideak ez badira iristen, "Arartekoari dei egiten diogu gure eskubideak bermatzen laguntzeko", gaineratu du Silvetik. "Gerozerlan enpresa ez da ari betetzen sinatutako hitzarmena, guk hilero kuota ordaintzen jarraitzen dugun arren. Horrek gure senitartekoei fisikoki eta psikologikoki zuzenean eragiten die". Egoiliarrak pertsonak direla gogorarazi dute, "ez altzariak". Egoiliar batzuk ere agerraldian bertan izan dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide