"Egoitzen ehuneko 82k ituna sinatu badute, guk zergatik ez?"

Onintza Lete Arrieta 2013ko ekainaren 28a

Ezkerretik hasita Pilar Tejera, Idoia Garate eta Patricia Fernandez Otezuri aurrean (Onintza Lete Arrieta/Hitza) 50 egun bete dituzte ostiral honetan greba mugagabean Zumaiako Otezuri adineko egoitzako langileek. Egunero-egunero karpa jartzen dute Otezuri aurrean, Alai auzoan. Ostiral arratsaldeetan egiten dute jai, Donostiako mobilizazioetan parte hartzen dutelako asteko egun horretan. Gaur, Zumaian bertan jasoko dute Donostiako lankide batzuen babesa, eta denek batera elkarretaratzea egingo dute 12:30ean Otezuri aurrean. «Egunerokotasunera bueltatzeko gogoz» daude langileak, baina, era berean, argi dute «lan hitzarmena lortu arte» aurrera jarraituko dutela. «Adineko egoitzen %82k lan ituna sinatu badute, guk zergatik ez?», hori bezain sinplea da kontua Idoia Garaterentzat. Egoitzako langilea eta ELAko ordezkaria da. Harekin batera hitz egin dute egunkari honekin Patricia Fernandez eta Pilar Tejera Otezuriko langile eta ELAko ordezkariek ere. Gipuzkoan sektoreko mahaian hitzarmena ez aurrera ez atzera zegoela ikusita, Gipuzkoako Foru Aldundiak proposamen zehatza landu, eta egoitzaz egoitza lan itunak sinatzen aritu dira azken hilabeteetan. Bitartean, mobilizazioak ere ugariak izan dira herrialde osoan. Lan baldintzetan hainbat onura dakar Aldundiaren proposamenak. Baina, batik bat, «Espainiako Gobernuaren lan erreformari aurre egiten dio, hango neurriak bertan behera utziz», azaldu du Fernandezek. Hori bermatu nahi dute Otezurin ere. Zaruzko Santa Ana egoitzan, momentuz, ez dira greban ari langileak. Otezurin gutxieneko zerbitzuak eskaintzen ari dira orain 49 egunetik. Jatorduen garaian eta pertsonak garbitzeko orduetan langileetatik %70 ari dira lanean, eta gainerakoan %60. «Ez da guk nahi beste nabaritzen, baina pertsona batzuei zerbitzu bat ematen ari zara, eta ezin da besterik egin», azaldu du Fernandezek. Hala ere, greba luze ari da jotzen, eta hori langileen poltsikoetan gogor nabaritzen da. «ELAk erresistentzia kutxa du, eta horri esker ari gara borrokan horrenbeste denboran; bestela ezingo genuke», uste du Garatek. 31 langiletatik 9 ari dira greba mugagabea egiten, eta gainerakoek «ahal duten neurrian egiten dute protesta, batzuek astean bi egun greba eginez, adibidez». Zailtasunak eta abisuak «Otezuri kudeatzen duen Gerozerlan enpresak esan digu ekonomikoki ezin diola aurre egin aldundiaren proposamenari. Gu ziur gaude hori aitzakia bat dela, baina benetan hala baldin bada, Aldundiari kontuak erakustea du. Baina ez dute halakorik egin nahi», esan du Tejerak. «Aldundia eskaera zehatzak egiten ari da, baina hain zuzen, bera da bezeroa, berak jartzen du dirua», eta horregatik, ez dute ulertzen Gerozerlanen jarrera. «Enpresak esan digu ez digula lan erreforma aplikatuko, baina ez du hitzarmena sinatu nahi. Eta, gainera, abisua eman digu: ez dizkigu lan baldintzak okertuko, Aldundiak ez badio diru gutxiago ematen. Eta Aldundiak argi esana du hitzarmena sinatzen ez duten enpresek penalizazio ekonomikoa izango dutela», azaldu du Fernandezek. Langileak joan den astean bildu ziren alkatearekin, eta hark «bere babesa» eman ziela adierazi dute: «Egoitzako zuzendariarekin hitz egin zuen, beste egoitza batzuetan akordioak nola lortu ziren esplikatu zion, zein ziren eman beharreko pausoak, eta emandako erantzuna izan da ezin dela, eta ezin dela». Herrian, oro har, babestuta sentitzen dira. «1.000tik gora sinadura bildu ditugu, eta asko ari dira interesatzen gure egoeragatik». Zumaiako beste egoitzako langileei ere eskerrak eman dizkiete, «emandako laguntza eta babesagatik». Haiek hitzarmena lortu zuten, «baina ahal duten guztietan gurekin izaten dira, guri laguntzen».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide