Zarauzko Udalak, pasa den igande gauean izandako ustezko erasoaz honakoa adierazi du:
Udalak salaketaren berri jaso bezain azkar antzeko kasuetan baliatu prozedura jarri zuen indarrean. Salaketa aurkeztu zuen gaztearen familiarekin harreman zuzena izan eta alderdi politiko guztiekin alde batetik, eta Udaltzaingoarekin eta Ertzaintzarekin bestetik, bilerak egin zituen gaiaren jarraipena egiteko. Agerpen publikoa egin zuen gero, udalean ordezkaritza duten alderdi guztien babesarekin. Agerraldi publiko hartan, ustez gertaturikoa salatzearekin batera, Ertzaintzari ikerketaren prozedura azkartzeko eskatu zioten. Horraino, eta zituen datuetan oinarrituta, udalak ustezko gertakariaren aurrean "dagokion ardurarekin" jokatu zuen.
Ertzaintzak atzo jakinarazi zuenaren arabera, hilaren 24ean ustez gertaturiko eraso salaketa faltsua da. Honen aurrean, udalak lasaitu egin da benetan erasorik izan ez delako. Bestalde, adierazi du salaketa ez errealek "kalte benetan larriak" eragiten dituztela. Bereziki auziaren parte diren pertsonen eta erasoak salatzen dituzten gainerako pertsonen sinesgarritasuna auzitan jartzea ere ekartzen duelako.
Gertatutakoak gertatuta, udalak eraso baten aurrean salatzearen garrantzia nabarmendu du, erasotuaren babeserako, etorkizuneko erasoak ekiditeko eta erantzuleak identifikatzeko. "Erasoen aurrean erakunde, herri eragile eta herritar guztioi arduraz aritzea dagokigu. Beharrezko zuhurtzia eta errespetuarekin".