Jesus Goenaga: «Igandeko sega podiuma aurreneko lauron artean egongo dela uste dut»

Nerea Uranga 2013ko ekainaren 28a

Jesus Goenaga, atzo, Ikasberri ondoko zelaian (Nerea Uranga/Hitza) Sega autoko maletategian hartuta azaldu da Azpeitiko Ikastola Ikasberri ondoko zelaira Jesus Goenaga (Errezil, 1979) segalaria. Igandean han bertan jokatuko dute V. Euskal Herriko Sega Txapelketaren azken jardunaldia, 11:30ean hasita. «Segan entrenatzeko aukera sortuta ere, sega beti eskura izateko maletategian erabiltzen dut», dio. Igandean lehen hiru postuetan gelditutakoak Europako lehiaketarako sailkatuko dira. Irailean jokatuko da, Hego Tirolen (Italia). Goenaga orain 3. postuan da.Etzi postuari eusten saiatuko da Azpeitian. Zer asmo dituzu iganderako? Europako Txapelketako sega finala Italian jokatuko da aurten, eta igandean Azpeitian lehen hiru postuetan sailkatzen direnek hara joateko aukera izango dute. Aurreneko hiruren artean sailkatu nahi dut. Orain hirugarrena naiz, eta ea eusten diodan, Europako txapelketako finala jokatzeko. Lehen ere jokatu al duzu Europako norgehiagoka? 2005ean Suitzan jokatu nuen, 2009an ere bai, Austrian, eta aurten ea Italiara joaten garen. Itxaropena ez duzu galdu. Itxaropena badut, baina besteak ere hor daude. Denek sartu nahiko dute, baina ahal dena egingo dugu. Nolako proba da igandean Azpeitian jokatuko duzuena, Ikasberri ondoko zelaietan? 10x10eko sailak jarriko dituzte mutiletan, eta denbora eta txukuntasuna kontuan hartuko dituzte. Azkar eta txukun oso zaila izaten da, baina ahal den neurrian puntu bat hartzen saiatuko naiz, ahal den ondoena egiteko. Bertan egonda [Ikasberri ondoko belar sailean egin da elkarrizketa], nola ikusten duzu saila? Belar polita dago. Ustez txiki samarra, baina denentzako igoala izango dela uste dut. Horretan ere aldea izaten da batzuetan. Horrelako sail handian denentzako sail berdina egokitzea zaila izaten baita. Baina, ematen duenez, denean belar berdina dago hemen. Txapelketa aurretik zer nolako belarra dagoen ikustera joaten al zarete? Bai. Txapelketa hasi baino lehenago elkartzen gara jokatuko den tokian. Aurretik sailak zozkatzen ditugu, eta gero bakoitzari zein sail tokatzen zaion ikusten dugu; aztertu, pixka bat. Igandeko lehian aurkaririk handienak zein dituzu? Piloa daude, baina aurreneko bi postuetan Igor Esnaola eta Joxe Gabirondo daude, eta nire atzetik Bixente Mitxelena. Uste dut gu lauron artean egongo dela podiuma. Segan afizioz jarduten duzu. Lanbidea beste bat duzu. Bai, noski. Ezin da bestela. Sega aspalditik gustatzen zait, eta jende asko ezagutzeko aukera eman dit. Sega entrenamenduak egiteko nola moldatzen zara? Egun bat aurretik edo, lanetik irtendakoan, baserritarrekin-eta hitz egiten saiatzen naiz, entrenamenduren bat egiteko; astean hiru bat entrenamendu belarrarekin egin ahal izateko. Hiruzpalau lagun badauzkat entrenamenduak egiteko laguntzen didatenak. Nolatan hasi zinen segan? Baserrian [Umansoro baserrikoa da], gure etxean, segan egin behar izaten zen, bazterrak garbitzeko. Gustatu egiten zitzaidan, eta kirol bezala probatu egin nuen. Gustuko afizio bihurtu zen. Gaur egun makina erabiltzen da sastraka kentzeko, eta sega gutxi. Asko galdu da sega. Gazteak badatozte, baina gero eta gutxiago dira. Gaztea beti ateratzen da. Orain ere Urnietako bi hasi dira, eta maila txukuna eman dute. Apustuekin hasten dira, eta gero beti bakarren batek segitzen du. Baina sakrifizio handia da; laguntzarik ez, eta gastuak daude. Segan erakutsi dizuna zein dela esango zenuke? Asko dira erakusten ibilitakoak;  Zaldibia eta Asteasu aldeko jendea, batik bat. Orain dela zortzi bat urte Juan Joxe Irazustarekin ibili nintzen. Beteranoa da, segan asko ibilitakoa, eta segalari ona. Asko erakutsi zidan. Gainontzean, egunero ikasten da zerbait; batarekin eta bestearekin ibilita beti ikasten da. Baserritarrek belardiren bat mozteko-edo ez al dizue eskatzen? Nahi izaten dugu, baina geu ibiltzen gara eskean, mesede gisa. Normala den bezala, baserritarrak giro ona nahi izaten du belarra mozteko, baina guk txarrarekin ere astean entrenamendu batzuk moldatzeko egin egin behar izaten ditugu. Hortxe ibiltzen gara. Jakineko batzuk badauzkagu saila uzten digutenak. Ni orain Asteasura joaten naiz, eta hangoari eskerrak eman behar, astean hiru bat entrenamendu egiteko aukera ematen dit eta. Azkenaldian egin duen giroa zuentzako ere txarra izan da, ezta? Bai, guretzako ere giro oso txarra egin du. Niri ez zait axola. Jardun behar badut, giro txarrarekin ere aritzen naiz. Baina baserritarrak ez du uzten belar saila; hori da arazoa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide