Azpeitiko Udalak uztailaren 1etik aurrera (datorren astelehena) hondakinak jasotzeko sistema aldatuko du Alde Zaharrean. Hau da, karrera edo portal aurrean utzitako zabor-poltsak edota bestelako hondakinak ez ditu jasoko. Horregatik, Alde Zaharrekoek hondakinak edukiontzietara eraman eta sartu beharko dituzte. Alde Zaharrean hondakinen edukiontziak honako tokietan daude: Artetxe aurrean, Enparan kalean lurrazpikoak, Perez Arregi plazan edota Done Jakue kaleko lehen zenbakiaren aurrean. Orainarte bezala, portal edo karrera aurrean poltsak utziz gero ez ditu jasoko Udalak.
Hondakinen arazoari irtenbide bat eman nahian, Gugandik hasita kanpaina martxan jarri du Udalak, "ingurumenaren errespetuaren bidetik, hondakinen kudeaketa gaur egungo arazorik larrienetako bat dela jakin badaki Azpeitiko Udalak. Erabaki asko har daitezke arazoari aurre egiteko, baina azken finean irtenbideak norberaren esku daude, neurri handi batean". Azpeitiko hondakinak birziklatzeko tasak hobetu nahi badira, "hondakinak birziklatzea nahitaezkoa" dela azaldu dute udalekoek, horregatik Alde Zaharrean hondakinak biltzeko sistema aldatzea erabaki du.