Larunbatean lore eta landare azoka egingo dute Zarautzen, Zigordia kalean. Goizeko 9:00etan hasi eta eguerdiko 14:00ak arte iraungo du eta bertako eta kanpoko saltzaileak izango dira, produktu aukera zabala eskainiz: loreak eta zuhaixkak, lorategietako apaingarriak, lore poteak, baratzerako landare ekologikoa, sukalderako landare usaindunak...
Azoka hauek arrakasta izan ohi dute, eta herritarrari erosketa gune egoki bat eskaintzeaz gain, ekoizleari zuzeneko salmenta egiteko aukera ematen zaio. Hori dela eta udalak azoka hauek sustatzen lagundu nahi du. Izan ere, azokak, "gure kulturan ohitura handiko" ekimenak dira. "Betidanik, baserritarrek zuzenean saldu izan ohi dute merkatuan. Modu honetan, harreman zuzena sortzen da kontsumitzailea eta baserritarraren artean. Elkar ezagutza honek aukera ematen digu erostera goazen produktua nola ekoitzia izan den jakiteko. Beraz, konfiantza handiagoa sortzen da ekoizle eta kontsumitzailearen artean", adierazi dute udaletik. Hortaz herritarrak bertaratzera animatu dituzte.