Jesus Epelde eta Joxe Mendizabal omenduko ditu Azpeitiko futbol klubak larunbatean, Lagun Onak Egunean. «Bizitza osoan Lagun Onak futbol klubean lanean jardun dutelako». Iaz, antolatu zuen aurreneko aldiz futbol taldearen aldeko lagunarteko festa eguna. Aurten, berriz, egitaraua beste hainbat jardunaldirekin osatu dute, eta Garmendipeko futbol zelaia eta Alde Zaharra lotuko dituzte festa giroan.
Iazko Lagun Onak Eguneko irudietako bat (Xabier Otamendi/Hitza)
«Lagun Onak Egunaren helburu nagusia partekatzea da, kluba osatzen duten kideen eta klubetik gertu daudenen arteko harremanak sendotzeko», diote Lagun Onak-eko arduradunek. Horrez gain, «ahal den neurrian, futbol klubarentzako diru pixka bat lortzeko» ere antolatu dute larunbaterako festa eguna.
Futbolean ekingo dute jaia Garmendipen, Lagun Onak Futbol Eskolako neska-mutilen partidekin. 10:00etan suziria
botako dute Unai Orbea txirrindulariak eta Jon Orbegozo futbolariak, eta horrekin emango diote hasiera ofiziala, Garmendipen futbolarekin lotutako ekitaldi eta partidekin ari diren bitartean. Olazko Andre Mariaren plazan haur parkea jarriko du Atracciones Sanz etxeak. Egun osoan egongo da irekita. 14:00ak inguruan Garmendipetik Alde Zaharrera joango dira kalejiran.
Iazko beste irudi bat (Xabier Otamendi/Hitza)
Egitaraua
- 09:00. Futbol Eskolakoen partidak, Garmendipen.
- 10:00. Txupinazoa, Garmendipen.
- 11:00. Haur parkea, Olazko Andre Mariaren plazan. 14:00ak arte goizean eta 16:00etatik 19:00etara arratsaldez. Egun guztirako sarrera 5 euro da.
- 11:30. Futbol partidak eta sinadurak eta argazkiak Realeko jokalariekin, Garmendipen.
- 12:15. Bertso penalti apustua.
- 12:30. Beteranoen futbol partida, Garmendipen.
- 13:00. Jesus Epelderi eta Joxe Mendizabali omenaldia, Garmendipen.
- 14:00. Kalejira Akodas Bozine taldearekin.
- 15:00. Herri bazkaria, azoka plazan. 16:30ean, sari banaketa.
- 18:00. Kalejira Akodas Bozine taldearekin.
- 23:00. Skasti eta Dirty Brothers taldeen kontzertuak, herriko plazan.