Malder: zuzenekoaren deskarga, Zestoako gaztetxean

Aritz Mutiozabal 2013ko ekainaren 27a

«Patana Fest jaialdian, inguruabarrengatik edo, ikusle pila batek jarraitu zuen gure zuzeneko emanaldia. Harrera ona izan genuen, eta guk oso ondo pasatu genuen. Talde berria gara, eta antzeman genuen batzuk ez gintuztela ezagutzen. Hala ere, pu­blikoaren aldetik erantzun ona izan genuen». Duela hiru asteburu bizitakoa errepikatu nahi du bihar Malder boskote zestoarrak, herriko gaztetxean. Oraingo honetan, Sei Urte berriztarrekin partekatuko du taula gaina; talde bizkaitarra Atlantida diskoa aurkeztera gerturatuko da. Kontzertua 23:30­ak aldean hasiko da. Malderrek pop-rock doinuak lantzen ditu, elektronika ukituekin. Gaur egun nazioartean pil-pilean dagoen musika joeretatik edaten du, Grises herrikideen lorratza jarraituz. «Talde ingelesak, indie-ak eta halako entzuten ditugu, eta, azken finean, hori gure musikan islatu egiten da», adierazi du taldeko abeslari eta gitarrista Manu Rodriguezek. Zuzenekoetan, berriz, guztia ematen saiatzen dira. «Taula gainean gozatu egiten dugu, eta indar hori pu­blikoari transmititzen saiatzen gara». Malder boskote zestoarra. Urtebeteko ibilbidea Iaz sortu zuten taldea, hi­ru lagunen ekimenez. Hain zuzen ere, Manu Rodriguez abeslariak eta gitarristak, Marcos Perez baxu-jotzaileak eta Eñaut Gaztañaga gitarristak jarri zuten martxan proiektua. «Elkarrekin jotzeko gogo bizia genuen, eta Gaztea irratiaren 2012ko Maketa Lehiaketan parte-hartzeko aukera ikusirik, hiru abestiz osatutako maketa grabatu genuen. Nolabait esateko, hortik aurrera hasi ginen taldea osatzen», taldearen hastapenak gogora ekarri ditu Rodriguezek. Helburua lehiaketan parte-hartzea bazen ere, Malder taldearen proposamena begi onez hartu zuen epaimahaiak, eta finalisten artean sailkatu zen. «Proiektuari serio heltzeko gakoa izan zen. Finalean jotzeko, gainera, taldekide gehiago behar genituen, eta horrela sartu zen Gaskon Etxeberria bateria-jotzaile gisa». Urtebeteko ibilbideak askorako eman die; lehiaketaz lehiaketa aritzeaz gain, taldekideen joan-etorriak izan dituzte. Joan den azaroan Banden Lehiarako aukeratu zuten taldea, baina Eñaut Gaztañaga Grises taldearekin buru-belarri zegoela eta, haren partez Luken Etxeberria sartu zen taldean gitarrarekin. Laukote horrek bigarren maketa bat grabatu zuen, eta hari esker,aurtengo Gaztea Maketa Lehiaketako finalerdietara sailkatu dira. Duela hilabete inguru, laukote izatetik boskote izatera pasatu dira. «Sintetizagailuen beharra ikusten genuen, zuzenekoetan soinu indartsuago lortzeko. Julia Urreagarekin probatu genuen, eta taldean geratu zen». Boskote hori izan zen Patana Fest jaialdian aurkeztu zena, eta bihar gaztetxean ariko dena. Taldea egonkortu egin dela iritzi dio Rodriguezek. «Jada oinarri bat dugu, eta oso gustura sentitzen gara». Sarean doan Orain arte bi maketa grabatu dituzte, bakoitza hiru abestitakoa; bata, iaz grabatutakoa (Euri nintzen, Gogoeta toxikoak eta Logela hutsa) eta bestea, aurtengoa (Mila zatitan, Kaleidoskopioa eta Berpizten). Abesti horiekin Kaledoiskopioa izeneko iraupen laburreko lana osatu dute, baina ez dute euskarri fisikoan argitaratu. Sarean jarri dute entzungai, malder.bandcamp.com webgunean, eta nahi dutenek doan jaisteko aukera dute . Udazken aldean diskoa grabatzeko asmoa dute, 8-10 abestiz osatuta, eta hori formatu fisikoan kaleratzeko asmoa dute. «Maketetako bat edo beste berreskuratuko genituzke, baina berriro grabatuta. Gainerako abestiak, ordea, berriak izango lirateke. Izan ere, abesti ugari sortzen ari gara». Estudioko lana zuzeneko emanaldiekin partekatu nahi dute; hau da, grabatzen ari diren bitartean jotzen jarraitu nahi dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide