Astearte arratsaldean Getariako Udalbatza osatzen duten udal taldeak bildu ziren ezohiko udalbatzarra egiteko. Gai administratiboak jorratu zituzten batzarrean, baina beste behin getariarrek Balentziaga kalean eraikitzen ari diren garajeen inguruan duten kezka argi geratu zen.
Balentziaga kaleko aparkalekuaren lanak. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Lehenbizi, Balentziaga kaleko garajeak, ekipamendu azpigietura eta igogailuaren lanak direla eta, arau ordezkatzaileetan indarrean dagoen lurzoruaren legearen arabera hainbat aldaketa egitea aho batez onartu zuen Udalbatzak. Ondoren, Balentziaga kaleko aparkalekuko garaje plazak jabetzan zein emakidan esleitzeko arauak onartu zituzten, Bilduren eta Getaiko Independentearen aldeko botoekin, eta EAJrekin abstentzioarekin. Ekaitz Balentziaga EAJko zinegotziak zera jakinarazi zuen: «EAJ ez da izango Balentziaga kaleko aparkalekuen auzian
oztopoa, Getariarentzat oso proiektu garrantzitsua dela uste dugulako. Hala ere, onartezina iruditzen zaigu proiektu berria egiteagatik 90.000 euro gehiago ordaintzea, eta, gainera, Osakidetzari zazpi garaje oparitzea eta 150.000 euroak herritarrek euren patrikatik ordaindu behar izatea. Dena den, 30 egun horien barruan gure ekarpenak egingo ditugu».
Herritarrak kezkatuta
Udalbatzarrean bildu zen herritar batek Balentziaga kaleko aparkalekuan proiektua zein fasetan zegoen galdetu zion alkateari. «Duela bi hilabete aipatu zenidan oraindik ere erabakitzeke zegoela garajeak salmentan edo emakidan jarriko ziren. Zertan da gaia?».
Nika Lertxundi alkateak azaldu zuen asteartean udalbatzarrean onartu ziren arauak, prozesua martxan jartzeko beharrekoak zirela. «Oraindik ez dugu erabaki garajeak emakidan emango diren, salmentan jarriko diren edo bi aukerak izango diren; baina azterketa egiten hasi aurretik beharrezkoa zen udalbatzarrean gaia jorratzea. Orain herritarrei aukera anitzen inguruko informazioa emango diegu, eta eskariaren arabera erabakiko dugu zein formula erabili», azaldu zuen.