Inmaculada Garate: «Zigorraren bitartez bakarrik aldatuko da gizarteko hainbat joera»

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko ekainaren 27a

Inmaculada Garate azkoitiarra, atzo goizean bere bulegoan (Aiora Larrañaga/Hitza) Astelehen goizaldean adingabe bati egindako sexu erasoak emakumeen aurkako indarkeria mahai gainean jarri du berriz ere. Genero indarkeria auziez hiru fiskal arduratzen dira Gipuzkoko Probintzia Auzitegian, eta horietako bat da Inmaculada Garate (Azkoitia, 1958). UROLA KOSTAKO HITZA azkoitiarrarekin bildu da Justizia Jauregian duen bulegoan, gaia jorratzeko eta egun bere lanean ikusten duen egoeraren berri emateko. Astelehenean adin txikiko neska bati sexu erasoa egin zioten Zarautzen ustez. Zuen lanean  egunero izango dituzue horrelakoak, ezta? Tamalez bai. Ni ez naiz adin txikoen gaiaz arduratzen, baina emakumeen aurkako indarkeriaren gaia ondo ezagutzen dut. Adin txikiko neskaren familiak astelehenean jarri zuen salaketa, eta Ertzaintza gaia ikertzen ari denez, oraindik ez da iritsi epaitegira. Beraz, ez dakizkigu kasua baloratzerakoan garrantzitsuak diren xehetasunak. Argi utzi nahi dut: sexu erasoa jasan duena eta erasotzailea bikotea ez badira, ez da tratu txarra izango, bestelako sexu arazo bat baizik. Osasunaren Mundu Erakundeak argitaratutako ikerketa baten arabera, munduko emakumeen %35ek sufritu du inoiz sexu indarkeria. Datu esanguratsua da. Datua oso gogorra da, baina ni neu galdeketen bidez egiten diren ikerketez ez naiz gehiegi fiatzen. Zein galdera egiten diren eta ikerketa non egiten den, horren arabera emaitza bat ala beste izango baita. Horrekin ez dut esan nahi arazo larria ez denik. Mota horretako arazo asko daude, gehiegi, eta lanketa sakona egin behar du gizarteak arazoari irtenbidea emateko. Sexu erasoak eta tratu txarrak jasaten dituzten pertsonek eta burutzen dituztenek soslai jakin bat al dute? Ni soslaien aurkakoa naiz. Tratu txarren kasuan, esaterako, soslai jakin bat izanda ere, une bakoitzean pertsona batek modu batera edo bestera joka baitezake. Tratu txarrak jasaten dituen emakumearen soslaia bat da, eta erasotzailearena beste bat. Hala ere, beste zerbait gertatu behar du erasoa gertatu dadin. Esperientziagatik esaten dut, soslaiez hitz egitea gehiegi orokortzea da. Zigor arloan kasu bakoitza aztertu behar izaten dugu, orokortzean erori gabe. Soslaiek ez dute ezertarako balio. Dena dela, politikariei asko gustatzen zaie datuak, soslaiak eta horrelakoak aurkeztea. Tratu txarren eta sexu erasoen kasuan salaketa egitea garrantzitsua al da? Salaketa egitea oso garrantzitsua da, kasua argitaratzen baitu. Salatzen ez bada ezin da ezer egin horri aurre egiteko. Dena dela, tratu txarren kasuan emakume askok atzera egiten dutela aitortu behar dut. Seme-alabak tartean dauden zenbait kasutan familia ekonomikoki mantentzen duena gizona izaten da, eta horrek atzera botatzen ditu emakume asko. Oso tristea da, baina horrela da. 10 urte hauetan emakumeen aurkako indarkeriari dagokionean aldaketarik antzeman al duzue? Ez, ez da aurrerapausorik eman. Uste dut, gainera, beste 400 urte beharko direla joerak alda daitezen. Nik orain arte pentsatzen nuen hezkuntza zela gauzak aldatzeko giltza. Azkenaldian, ordea, iritziz aldatu dut, eta zenbaiti astakeria irudituko zaion arren, uste dut zigorrarekin bakarrik aldatzen dela zenbait joera. Trafiko gaietan ikusi besterik ez da egin behar, zigorrak gogortu direnean, delituak jaitsi egin dira. Isuna gero eta handiagoa, orduan eta delitu gutxiago. Nik uste dut gizakiok ere, astoak eta beste animaliak bezala, zigorrarekin erantzuten dugula behar den bezala. Hezkuntzak, beraz, ez du betetzen bete beharko lukeen funtzioa parekidetasuna sustatzerako orduan? Adin txikikoen gaiak ez ditut jorratzen, baina gai horiek lantzen dituzten lankideek aipatzen didatenez, gero eta gehiago dira oso gazte, 14 urte ingururekin, tratu txarren kontuan sartuta dauden gaztetxoak. Horrek esan nahi du hezkuntzak ez duela ezertarako balio. Oro har, gizartea matxista al da oraindik? Xehetasun txiki askok erakusten dute gizartea matxista dela, eta sistema guztia aldatu beharra dago benetako parekidetasuna lortzeko eta emakumeen aurkako indarkeria amaitzeko. Egunerokoan erabiltzen dugun hizkuntza, esaterako, oso matxista da, eta jende asko ez da horretaz ohartzen. Gaztelaniaz maskulinoa eta femeninoa uneoro bereizten dute, eta gizonezkoei erreferentzia egiten dieten hitz eta adjetiboek konnotazio baikorra izaten dute, eta emakumeei erreferentzia egiten dietenak, berriz, ezkorra. Horrek gauza asko esan nahi du. Emakumeen aurkako indarkeria  kasuetan gizartearen babesak eta aldarrikapenek laguntzen al dute? Gizartearen babesa ezinbestekoa da, eta mugimendu feministari esker lortu da gizartean egun gai horren aurrean dugun kontzientziazioa. Bi muturretan egoten diren ideologiak zalantzan jartzen ditugu beti, baina kontu honetan feministak egin dute lan handiena. Gizarteko zenbait sektorek mugimendu feminista kritikatu egin dute gogorregiak dela esanez. Niri iritziz, gogorra behar duzu izan aurrerapausoak lortzeko. Tristea da esatea, baina lehen aipatu dudan moduan, oraindik ere zigorrak bakarrik bultzatzen gaitu behar den bezala portatzera. Zuek zarete epaitegietan emakume askoren ahotsa. Zuen lana ere ezinbestekoa da, beraz. Egunero-egunero gai bera jorratzen denean, eta ehunka kasu ezagutzen direnean, Kontratransferentzia Traumatikoaren Sindromea sortzen zaio jende askori. Lan honetan murgilduta gaudenoi zenbaitek gauzak puzten dituztela iruditzen zaigu, eta uste dut epaile eta fiskal askok badutela sindrome hori. 2003 urtera arte sexu eraso eta tratu txar asko huskeria moduan hartzen zituen legeak. 2003an aldatu egin zen hori, eta dena delitu bihurtu zen bat-batean. Egoera horrek arlo horretan lan egiten dugunon artean zalantza sortu du. Kasu bakoitzean testuingurua kontuan hartu behar da beti, eta horren arabera baloratu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide