Marian Aranbururen hainbat koadro abstraktu, siena eta gris kolorekoak (Argazkia: Ispilu Arte)
Kontrastea. Zarauzko Ispilu Arte galeriak bi erakusketa antolatu ditu aldi berean, oso ezberdinak, uztailaren 13ra arte. Alde batetik, Marian Aranburu zarauztarraren margolanak daude, eta bestetik, Udane Juaristi azkoitiarrarenak. Aranburuk koadro abstraktuak eta ilunak aurkeztu ditu; Juaristik, aldiz, figuratiboak eta oso koloretsuak. Ez dute antzik, ezta zerikusirik ere. Horrexegatik, bakoitzak bere espazioa du erakusketa aretoan, elkarrengandik berezita. Batak bestearekin, ordea, halako joko bat sortzen du, kontraste erakargarria proposatuz.
Juaristik zortzi margolan jarri ditu aretoan, espreski Ispilu Arterako eginak. Martxoan
Esperimentazioa izeneko erakusketa paratu zuen Donostiako Arteztu aretoan, eta orain Zarautzen ikus daitekeena «haren segida» dela onartu du. Lan berrietan artista aizkoitiarraren ekoizpenean ohiko bihurtu diren paisaia hiritarrak ageri dira; besteak bestea, New York, Milan eta Parisekoak. Hiri eta hiri artean, txoriak ere ageri dira bi margoletan. «Kontrajarriak dirudite, baina badute lotura». Hala eta guztiz ere, hiri-paisaiatik natura-paisaiarako jauzia argia da.
Udane Juaristiren txorietako bat. (Argazkia: Ispilu Arte)
Antzekotasunak
Beste ildo bat da bere ibilbide artistikoan. Horrekin bat dator, baina antzekotasun asko dituztela
nabarmendu du azkoitiarrak. «Lehen begiratuan, txoria ikusten duzunean, aldaketa ikusten duzu, baina arreta jarriz gero, harremana dutela konturatzen zara. Gai aldetik ez, baina bai margotzeko moduan eta erabilitako koloreetan. Garai berean eginda daude».
Txoriak deigarri gertatu izan zaizkio betidanik Juaristiri, baina orain arte ez zituen margotu. «Iaz ikastaro bat egin nuen haur batzuekin, eta haiekin margotzen ari nintzela sortu zitzaidan txoriak margotzeko grina. Umeek kolore askorekin margotzen dutenez, gogoa piztu zitzaidan». Hori horrela, azken sorkuntzak oso koloretsuak atera zaizkio. «Oraingo koadroak biziagoak dira, garai bizian nagoelako. Kolore aldetik fosforitoak erabili ditut gehien bat».
Horrez gain, margolanei bolumena eman die, Legoko piezak eta egur blokeak itsatsiz. Lan planoei erliebea eman nahian. Gainera, margolanetako bat patinete baten ohol gainean aurkeztu du, mihise bat bailitzan. «Zarautzen skate eta surf mundu oso txertatuta dagoenez, halako omenaldi bat egitea erabaki dut».
Gutxieneko espresioa
Minimalista samarrak diruditen arren, Aranbururi ez zaio bere lanak etiketatzea gehiegi gustatzen. «Agian, oraingo honetan gutxieneko espresio batekin ibili naiz, kolore eta forma aldetik. Dena dela, nik ez dut minimalismoa egiten, momentu bakoitzean sortzen zaidana baizik». Oraingo honetan, kolore gutxi—siena eta, batez ere, grisa—, eta forma sinple bat erabiliz.
«Erakusketa egitea proposatzen dizutenean, pintatzen hasten zara eta ez dakizu zer aterako den». Urte hasieratik hona landutako margolan abstraktuak dira, formatu handikoak zen txikikoak, paperean eta egurrean eginak. «Aldaketa beti dago. Momentuan sentitzen nuena islatu dut margolanetan», nabarmendu du artista zarauztarrak. «Sortze prozesuan murgiltzen zara, eta harreman horretan sortzen dena da. Pinturak berak erakusten dizkizu gauzak».
Pintatzea «pentsatzeko forma bat» dela iritzi dio. «Ideiak koadroek beraiek esaten badituzte, hor dauden seinale». Aranburu gustura geratu da emaitzarekin: «Gutxieneko espresio horretan margotu baditut ere, intentsitate handiarekin aritu naiz. Sinplea dirudien gauza baten atzean esfortsu bat dago, intentsitate bat. Margolan berriek hori islatzen dutela uste dut; publikoak hori ikustea nahi nuke, behintzat». Erreakzioak jasotzen hasi da: «Askok zoriondu egin naute. eta hori eskertzekoa da»