Mugimendu feministaren irakurketa, igande gaueko ustezko sexu erasoaren aurrean

Urola Kostako Hitza 2013ko ekainaren 25a

Ondoko idatzia helarazi die komunikabideei mugimendu feministak, Eraso sexistarik ez erantzunik gabe izenburupean:

"Indarkeria sexistak kolpatu gaitu berriz ere. Igande gauean malekoian, neska gazte bat erasotua izan zen. Badirudi Zarautzen neskok ezin dugula parrandan lasai atera, eraso sexistarik pairatu gabe.

Beldurrean hezten gaituzte txikitatik emakumeok, gure bizitzaren gaineko erabaki guztiak beldurraren gidoi hori jarraitu behar dugula jakinarazten zaigu, kalean non egon gaitezkeen edo non ez, gauez zer egin dezakegun eta zer ez, norekin egon gaitezkeen eta norekin ez baldintzatzen duten patroi bilakatzeraino. Eta hori gutxi balitz, bide hori urratu edota eraso sexista bat pairatzen dugunean errua, bortxatua izan denaren estigma, putaren estigma eta gertatutakoaren egiazkotasunaren inguruko zalantzak azaltzen dira.

Baina zer gertatzen da erasotzaileekin? Noiz erakutsiko diegu emakumeek ezetz esaten dugunean ezetz dela, harremanak menpekotasunean eta jabetzan baino errespetuan eta askatasunean oinarritu behar direla? Emakumeak ez garela inoren objektu, gure bizitzaren subjektu baizik?

Guri dagokigu hau aldatzea; gure bizitzaren protagonista gara. Badakigu gure burua defendatzen eta horrelako gertaerek beldurra eragin arren, hurrengo bat gerta ez dadin elkartasuna eta antolakuntzaren bidez aurre egingo dugu. Indarkeria sexistaren bakoitzaren aurrean erasotzaileek aurrean izango gaituzte.

Entzun! Ez gara kikilduko! Inoiz baino ozenago aldarrikatuko ditugu kaleak gureak direla, gaua ere gurea dela! Parrandan lasai ibili nahi dugu!"

 

                 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide