«Irregulartasunak» salatu ditu Arkupe elkarteak Eroski saltokiari buruzko auzian

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko ekainaren 25a

Munto eremuan Eroski saltokia irekitzeko lizentzia eman du Udalak (Aiora Larrañaga/Hitza) Orioko Udalak Munto eremuan azalera handiko Eroski saltokia irekitzeko lizentzia eman du. Horren aurrean, Arkupe Orioko Merkatarien eta Ostalarien Elkarteak eta Dendartean Gipuzkoako Merkatarien Elkartea «desados» agertu dira, prozesuan zehar «irregulartasunak» izan direla argudiatuz. Gainera, udalari eskatu diote «Muntoko Plan Partziala egokitzeko, Euskadiko Lurzoruaren Legearen arabera eta Oriok merezi duen bezala». Ostegun iluntzerako antolatu zuten Arkupek eta Dendartean elkarteek agerraldia Salatxo aretoan, eta herritar ugari bildu ziren bertan, auziaren nondik norakoak ezagutzeko asmoz. Espainiako Auzitegi Gorenak 2008ko Muntoko Plan Partziala indargabetu egin zuen. Arkuperen iritziz, udalak aurten hura onartu izanak «kalte egin dio Orioko komertzioari eta oriotar guztiei». «Babestutako eta alokairu sozialeko etxebizitza gehiago dagozkio Oriori, eta plana dagoen horretan onartuta, ukatu egin zaizkigu horiek». Arkuperen esanetan, Lur Zoruaren Legearen arabera, Muntoko etxebizitzetatik %65ek babestuak edo alokairu sozialekoak izan behar dute. «Orioko Plan Partzialean %20 besterik ez dira babestuak. Plana sozialki onartezina da. Ez dugu ulertzen bere burua ezkerrekotzat duten alderdiek babestutako eta alokairu sozialeko etxeak egitearen aurka jokatzea». Orioko alkate Beñat Solaberrietaren esanetan, Muntoko Plan Partziala «legearen barruan» dago. «Auzitegi Gorenaren epaiak zioen formei zegokionean bi arazo zituela Muntoko Plan Partzialak. Horiek bete dira, eta kontuan hartu behar da aurreko Lurzoruaren Legearen arabera egindako plana dela. Beraz, horren arabera, Oriori dagozkion etxebizitza babestuak eta alokairu sozialekoak ditugu», zehaztu du. Saltokia irekitzeko baldintzak Bestetik, Munton azalera handiko saltokia irekitzen badute, Hiri Antolamendurako Plan Nagusian karga-deskarga eta aparkaleku arauak ez dituela beteko salatu du merkatarien elkarteak. «Orioko Plan Nagusiak dio 1.000 metro koadro baino gehiagoko saltoki batek kargarako eta deskargarako eremua izan behar duela bere baitan. Udalak azalera handiko saltokia irekitzeko lizentzia eman dion eremuak ez du neurri hori betetzen» salatu dute. Aparkalekuei dagokienean, futbol zelai azpiko garajeak saltzeko hitzarmenak «irregulartasunak» dituela ere adierazi du Arkupek. «Orioko Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak eta saltoki handien legeak aparkaleku kopuru zehatz bat ezartzen du, saltokiaren metro koadroen araberakoa. Legeak dio aparkaleku horiek saltokiaren eraikin berean egon behar dutela. Orioko kasuan, ordea, saltokiari dagozkion 38 aparkalekuak kirol azpiegitura baten azpian daude; ez daude erakin berean, ezta saltokiaren eremuan ere», azaldu dute. Orioko alkateak adierazi duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak aztertzen du azalera handiko saltokiak irekitzeko eremuek bete behar dituzten baldintza teknikoak zein diren. «Orioko kasua aztertu du Aldundiak, eta txosten teknikoa egin du. Horren arabera, hainbat baldintza bete beharko du enpresak saltokia ireki ahal izateko, eta horretarako zenbait aldaketa egingo du lokalean». Arkupe Elkarteak eta Dendartean Elkarteak uste dute planaren onarpena «legez kanpokoa dela, Euskadiko Lurzoruaren aurka doalako». Gainera, uste dute aipatutako «irregulartasun» guztiak eraikuntza enpresa handiei eta azalera handiko saltokiei «mesede egiteko» egin direla, eta oriotarren eta Orioko dendarien «eskubideen eta interesen aurkakoak» direla. «Orioko Udalak ezin du bere iritzien arabera bereizketarik egin lizentziak ematerako orduan», argitu du, baina, udalak. «Munto eremuan hirugarren sektorerako gune bat izendatuta dago. Edozein enpresak baldintza teknikoak betetzen dituen proiektua aurkezten badu, udalak ezin dio ukatu bertan jarduera ekonomikoa abiatzerik. Hori legez kanpokoa izango litzateke».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide