Iñigo Saiz, artxiboko irudi batean
Zarauzko Argazkizale Elkartearen erakusketa kolektiboa ikus daiteke hilaren bukaera bitartean, Zarauzko Torre Luzea aretoan. Erakusketaren dinamika betikoa da; hau da, elkarteko bazkideek beren argazki lanak jarri ohi dituzte erakusgai. Aurten, ordea, beste batzorde batek antolatu du, Iñigo Saiz (Zarautz, 1979) presidente berriaren gidaritzapean.
Bi hamarkada pasatxo elkarteko presidentea izan da Fermin Etxeberria, eta haren lekukoa hartu duzu. Nola etorri da aldaketa?
Urte askoan Fermin Etxeberria eta Txema Fernandez izan dira elkartearen presidentea eta presidenteordea. Horrenbeste denboraren ondoren nekatuta zeuden, eta kargua uztea erabaki zuten. Elkarteak aurrera egiteko norbait behar zuen. Gainera, beti pertsona berak egonez gero, baretu egiten da, eta haize freskoa ekartzeko jende berria behar zela ikusi zen. Beraz, animatu egin gara, eta esperientzia pilotu modura ekin diogu. Ea aurrerantzean zer ekarpen egin diezaiokegun elkarteari.
Zerk bultzatu zintuen zure burua kargurako aurkeztera?
Etxeberriak eta Fernandezek beren ardura utzi behar zutela jakitera eman zutenean, posta elektroniko bat bidali ziguten bazkide guztioi zein egoeratan geunden azaltzeko. Bazkide gehienok batzartu egin ginen, batzorde berri bat osatze aldera. Hasieran inork ez zuen ardura hartu nahi; zaletasunagatik egiten den arren, denbora dezente eskatzen baitu. Niri titulu hori eramatea berdin zitzaidala esan nien, baina nire eginkizunak zeintzuk ziren zehatz-mehatz azaltzeko eskatu nien. Kanpotik ikusita, urtean hiru argazki erakusketa eta argazki
rally bat antolatzea bakarrik dela dirudi. Bakoitzak, hala ere, sekulako kudeaketa lana du. Inor aurkeztuko ez baldin balitz elkartea desagertu egingo litzateke. Horren aurrean nire burua aurkeztu nuen. Presidentea aukeratzeko batzartu ginenean, kargua urtez urte aldatuko zela erabaki genuen. Orain arteko dinamika hautsi, eta urtero batzorde berria osatzekotan geratu ginen.
Nork osatzen duzue zuzendaritza batzorde berria?
Lau lagunek osatzen dugu batzordea. Nirekin batera, Lorena Etxabe, Saioa Cano eta Iñigo Rico daude. Bina mutil eta neska gara, eta bakoitzak bere ikuspuntua du. Inork ez du esperientziarik alor honetan, baina aurreko batzordekideen laguntza izango dugu edozein kezka argitzeko. Nolabait esateko, jende gaztearenganako apustua izan da. Elkarteko kide gehienak beteranoak diren arren, haien babesa dugu. Haize freskoa eman nahi diogu elkarteari, ideia berriak ekarriz eta bestelako zerbait eginez.
Aurreko batzordearen lan ildoarekin jarraitzeko asmoa al duzue?
Haiek egindako lana oinarritzat hartzen dugu, baina oinarri horiek ardatz hartuta zerbait berria egiten saiatuko gara. Horretarako, noski, beharrezkoa da jendearen gogoa. Batzuei ezinezkoa zaie horrenbeste denbora eskaintzea, eta jendearen gogorik gabe agian albo batera geratzen da, nahiz eta ideia oso ona izan. Edonola ere, oraintsu heldu diogu karguari, eta badugu denbora.
Epe laburrerako proiektu berririk ba al duzue eskua artean?
Herriari begira, pare bat eskaintza jaso dugu. Udalak Zarautzi buruzko liburu bat egitea proposatu digu, batetik, eta Sortaldea aretoan egurrean inprimatutako Zarauzko argazkiekin eginiko erakusketa egingo dugu, bestetik. Barrura begira, berriz, Ebro-etxean dugun argazki estudioa hobeto erabiltzen ikasteko ikastaro bat antolatzen saiatuko gara. Ditugun baliabideei ahalik eta probetxu handiena ateratzeko.
Eta luzera begira?
Euskadiko Argazkizale Elkarteak kongresu bat antolatzen du urtero-urtero, eta datorren urtean Zarautzera ekarriko dugu, maiatza aldean. Hori horrela, Euskal Herriko argazkizale elkarte guztietako presidenteak herrian elkartuko gara, urteko balantzea egiteko. Era berean, Argizaiola Sariak banatuko ditugu jardunaldian. Egia esan, ekitaldi benetan garrantzitsua izango da.
Herrian zaletasun handia dago. Elkartean nabari al duzue hori?
Elkartean 66 bazkide gara, baina kalean edozein pertsona ikus dezakezu kamera batekin argazkiak ateratzen. Aurten pare bat gazte sartu dira elkartean nire bitartez. Nik kamerarekin ikusten ditudanei elkartean sartzeak dituen abantailak zeintzuk diren azaltzen dizkiet. Horretaz gain, zerbitzu bat eskaintzen diogu nahi duenari. Izan ere, ostegunero Ebro-Etxean biltzen gara astean zehar ateratako argazkiak proiektatzeko, eta gure inpresioak eta zalantzak partekatzeko. Argazkilaritza giroan murgiltzeko eta elkarri kutsatzeko aukera polita da.
Elkarteko bazkideek duten abantailetako bat Torre Luzea aretoko erakusketa kolektiboan parte-hartzeko aukera da.
Hori da, bai. Hamazazpi bazkideren bina argazki jarri ditugu aurten erakusgai. Bazkide guztiei egin genien deia, eta guztira 34 lan bildu ditugu. Erakusketan denetarik dago ikusgai. Argazkilari bakoitzak nondik jotzen duen jakiteko erakuslehioa da. Nire ustez, norbere lana Torre Luzean erakusteak taberna batean jartzea baino prestigio handiagoa ematen dizu, nahiz eta tabernetan errazago saltzen den.