Biolur, EHNE eta Zarauzko Udalak elkarlanerako hitzarmena sinatu dute. Amaia Ventas
ENEEK Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak, Biolur elkarteak eta Zarauzko Udalak hitzarmena sinatu dute, nekazaritza ekologiko eta osasuntsua elkarlanean sustatzeko. Akordio horrek udalak aurrez egindako lanarekin zerikusi «zuzena» duela azaldu du Mikel Goenaga Nekazaritza zinegotziak: «Udal honek konpromiso garbi eta argia du nekazari eta landa munduarekin. Testuinguru horretan kokatzen ditugu duela aste pare bat baserritarrei egindako aitortza, horien inguruko liburuxka eta nekazari azoka. Gaur nekazaritza ekologikoaren bidean, ENEEK eta Biolurrekin elkarlanean jardutearen garrantzia nabarmendu nahi dugu».
«Aurrekaririk gabeko akordioa» dela adierazi du Biolurreko Miriam Arrizabalagak. Izan ere, udal aldetik alor horren alde egiten duten lehenbiziko apustua da Zarauzkoa. ENEEKeko lehendakari Roman Bengoak halako hitzarmenak nekazaritza ekologikoa normalizatzeko baliagarriak direla nabarmendu du.
Ikastaroak eta aholkularitza
«Nekazaritza bizi, ohitura, kultur eredu eta herria ulertzeko modua da, baina baita sektore ekonomiko garrantzitsua ere», nabarmendu du Goenagak. «Bizi eredu osasuntsu, justu eta eredugarrien bidean, ezinbestekoa iruditzen zaigu nekazaritza ekologiko bateranzko bidea urratsak ematea». Ildo horretatik, udal baratzak modu ekologikoan kudeatzeko borondatea agertu du: «Akordio honek ez du helburu sektorial bat, ez dago nekazariei bakarrik zuzendua. Baratzea afizioz dutenei ere zuzendua dago, baita herritar guztiei ere, jendarte justu, ekologiko, osasuntsu baterako bidea jorratze aldera». Horretarako, ENEEKeko eta Biolurren laguntza izango du.
Horretarako, Biolurrek eta ENEEKek ekoizpen ekologikoari buruzko ikastaro zehatzak eskainiko dituzte herriko udal baratzetan. Uztailaren 1ean egingo dute lehen saioa, goizez zein arratsaldez, 10:00ak eta 12:00ak, eta 17:30ak eta 19:30ak artean. Ez da izenik eman behar; bertara azaldu beharko dute parte hartu nahi dutenek. Etengabeko aholkularitza zerbitzua ere emango diote udalari, nekazaritza eta elikadura ekologikoaren susta dezan.