Garapen Elkarteak –Urola Kostako Udal Elkartea erakunde horretako kide da– 10 beka emateko deialdia egin du, Global Training 2013 programaren barruan. Horren harira, informazio-saioa izango da interesa duten pertsonentzat.
Informatzeko hitzaldiak bihar, ekainaren 25ean, izango dira Udal Elkarteak Zarautzen duen egoitzan. Bi saio izango dira, 10:00etan euskaraz eta 13:00etan gazteleraz.
Beka horien helburua atzerriko enpresa eta erakundeetan praktikak egitea da, ordainduta. Gure eskualdean Udal Elkartea da eskabideak bideratuko dituena.
Eskaera egiteko ezinbestekoa da 30 urte baino gutxiago izatea. Praktikak Europan eta Latinoamerikan egiteko aukera izango da eta 6 hilabeteko iraupena izango dute. Jasoko den diru-laguntza, berriz, 1.124,77€takoa izango da.
Ekainaren 14an ireki zuten izena emateko epea eta datorren uztailaren 15a arte izango da zabalik.
Hauek dira bilatzen dituzten profil profesionalak: ekonomia, ingeniaritza, soziologia, turismo, biologia, gizarte lan edota psikologia lizentziatuak; elektronika, automatizazioa, mekanikoa goi mailako teknikariak.