"Zezenei garrantzia emanez" antolatu dituzte aurten ere saninazioetako zezenketak

Nerea Uranga 2013ko ekainaren 21a

Aurtengo saninazioetako zezenketen aurkezpena, gaur, Sindikatu Zaharrean (Nerea Uranga). Azpeitiko Zezenzale Batzordeak gaur aurkeztu du aurtengo saninazioetako zezenketetako kartela, Azpeitiko Sindikatu Zaharrean. Aurten ere, "zezenei garrantzia emanez" antolatu dituztela nabarmendu dute. Ekarriko dituzten zezenak, Celestino Cuadri (Huelva, Andaluzia, Espainia), Palha (Porto Alto, Portugal) eta Pedraza de Yeltes (Salamanca, Espainia) ganadutegikoak dira. Ezpatariak edo toreroak, berriz: Uceda Leal, Javier Castaño, Ruben Pinar, Manuel Escribano, Alberto Aguilar, Paco Ureña, Manuel Jesus El Cid, Ivan Fandiño eta David Mora. Zezenzale batzordeko ordezkariez gainera Azpeitiko zezen-plazan toreatuko duten hiru ezpatari ere izan dira aurkezpenean, Aguilar, Ureña eta Pinar, hirurak azaldu dutenez "ilusioz" daude Azpeitian jarduteko, eta bertan aritzeko aukera eskaintzea eskertu dute. Alfredo Casas kazetariak ere hartu du parte aurkezpenean, honen arabera, Azpeitiko zezenketak "zezen festen egutegian bere lekua du, eta festa honek gipuzkoarron sentimenduarekin lotura sendoa du. Festak ez du mugekin, banderekin eta ideologiekin zerikusirik; are gutxiago Azpeitian, antolatzaileek ongintzazko helburuak bakarrik baitituzte". Casasen arabera, Azpeitiko zezenketetara datozenek aberastasuna dakarte, "hemengo jatetxeetan-eta jaten baitugu, hemengo kaleetan ibiltzen gara eta gero batzuk pilotalekura doaz pilota partidak ikustera eta beste batzuk zezen-plazara, ordainduta, zezenak ikustera". Azpeitiko Zezenzale Batzordeak egindako lana eskertu du horregatik. Bonoak eta sarrerak Azpeitiko zezenketen inguruan bideo bat prestatu dute eta aurten Azpeitiko zezen-plazak 110 urte betetzen dituela kontutan hartuta, zezenketetako bonoa dutenen artean banatuko du Zezenzale Batzordeak. Zezenketetarako bonoak jasotzeko aukera uztailaren 21a artekoa izango da, Plaza Txikian, Udaltzaingoaren ondoko lokalean. Lanegunetan, 18:00etatik 20:00etara eta larunbatetan eta jai egun bezperetan 11:00etatik 13:00etara. Sarrerak, berriz, uztailaren 23tik aurrera jarriko dituzte saltzen, Plaza Txikian.  Zarautzen Joe tabernan ere sarrerak erosteko aukera jarriko dute. Internetez barrabarra.eu/c/azpeitikozezenketak helbidean eskuratu daitezke. Saninazioetako zezenketetako egitaraua - Uztailak 28, igandea. 18:30ean, desenkajonamendua. - Uztailak 30, asteartea. San Inazio bezpera. 18:00etan. Celestino Cuadri ganadutegiko zezenak. Uceda Leal, Javier Castaño eta Ruben Pinar ezpatariak. - Uztailak 31, asteazkena. San Inazio eguna. 18:00etan. Palha ganadutegia. Manuel Escribano, Alberto Aguilar eta Paco Ureña ezpatariak. - Abuztuak 1, osteguna. San Inazio bigarrena. 18:00etan. Pedraza de Yeltes ganadutegia. Manuel Jesus El Cid, Ivan Fandiño eta David Mora ezpatariak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide