Testing programa jarriko dute martxan San Pelaio Jaietarako

Urola Kostako Hitza 2013ko ekainaren 21a

Zarauzko Udaleko Droga-mendekotasun Zerbitzuak Testing drogari buruzko informazio eta analisi zerbitzua eskainiko du sanpelaiotan. Horren helburua aisialdi guneetan izaten den droga kontsumoaren gainean arriskuak gutxitzea da, eta droga ilegalen kontsumitzaileei zuzenduta dago batik bat. Munoa inguruan karpa bat prestatuko dute ekainaren 25ean, 00:00etatik 03:00etara eta analisiak egingo dituzte bertan. Antolatzaileek adierazi dutenez, drogen konposizio zehatza jakiteko aukera izango dute bertara hurbiltzen direnek. «Prebentziorako eta arriskuak gutxitzeko tresna baliagarria da, egun klandestinitatea eta osasun-kontrolik eza direla-eta, droga merkatuan dagoen adulterazioa geroz eta nabarmenagoa baita», nabarmendu du. Analisiak doan izango dira eta anonimotasuna gordeko dute arduradunek. Gainera, bestelako informazioa ere helaraziko dute bertan. Ekainaren 26an, San Pelaio Egunean, alkoholaren gehiegizko kontsumoari buruz sentsibilizatu, informatu eta arreta hartzeko kanpaina egingo da, Sasoia elkartearen eskutik. 00:00-03:00 bitartean mahai informatiboa jarriko dute malekoian. Eusko Jaurlaritzako Droga Gaietako Zuzendaritzaren babesa daukate bi ekintzok.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide