Inhar Agirrezabal, Gari Berasaluze eta Imanol Agirre, Sortaldea ireki berritan, gaur eguerdian. Amaia Ventas
Uda iristearekin batera, gaur bertan zabaldu dituzte Sortaldeko ateak. Iaz deskubritu zuten leku berria eta aurten horri bizitza ematen jarraituko dute, filosofia bertsuarekin. "Iaz helburu jakin batekin zabaldu genuen gunea, malekoiaren kulturatik kultura malekoira eramatea", nabarmendu du Garoa liburudendako Imanol Agirrek. Horri jarraipena emateko, iazko ekimenez gain, berriak ere izango dira aurten. Pasa den urtean bezala, liburu irekien gunea jarriko dute bertan, eta interesa dutenek liburuak mailegatu ahalko dituzte. Horiek izena eta emaila eman eta mailegatutako materiala 15 egunera itzultzeko aukera izango da. Salgai ere jarriko dituzte liburuak Garoakoek.
Berrikuntza gisa, bi izango dira. Batetik, Daniel Txopitea bekaren irabazleek, Inhar Agirrezabalek eta Garbiñe Pedrosok bere tokia izango dute kultura malekoi horretan. Euren egitasmoa aurrera eramango dute bertan, eta horri lotutako hainbat ekitaldi antolatutako dituzte. Besteak beste, gaur etorkizuneko Zarautz irudikatzen duen lorontzian landare berriak jarri dituzte, haurrekin elkarlanean.
Haurrak, langileak eta Inhar Agirrezabal etorkizuneko Zarautz irudikatzen duen lorontzian landare berriak jartzen, gaur. Amaia Ventas
Uztailaren 1erako sorkuntza lana amaituko dutela aurreikusi du Agirrezabalek. Horien helburua arkitektura eta artea herriarekin lotzea izan da, eta herritarrek egitasmoan parte hartzea. Ildo horretatik, ekimenetan parte hartzera animatu dituzte zarauztarrak. Gerora, erakusketa bat osatuko dute. "18. mendeko plano zaharrak bildu eta gaur egun artekoak izango dira ikusgai, baita maketa batzuk eta ekarpenak egiteko txoko bat ere egokituko dugu, erakusketa bera aberasteko eta herritarrek horrekin aberasteko, aldi berean", azaldu du.
Mendiren txokoa
Bestetik, Juan Luis Mendizabal
Mendi pintoreak ere Sortaldean bere txokoa izango duela nabarmendu du Gari Berasaluze Kultura zinegotziak. "
Mendi-rentzat leku berezia izan da beti malekoia, bertan sortu ditu bere koadro asko eta asko. Hori dela eta, uda honetan lekua izango du Sortaldean, itsas pasealekuan. Bertan jardungo du pintatzen eta sortutako lanekin erakusketa antolatuko dugu udazkenerako". Bide batez, herritarrek bere sortze prozesuaren lekuko aukera izango dute.
Bestelako erakusketak ere antolatuko dituzte gune horretan, udan. Aurten argazkilaritzan zentratuko dira batik bat. Uztailaren 1ean horri lotutako erakusketa zabalduko dutela aurreratu du Kultura zinegotziak.
Sortaldea goizez zein arratsaldez izango da zabalik, 11:00-13:00 eta 17:00-21:00 bitartean. Bestalde, ekitaldi oro
zuzarautz.info webgunean iragarriko dituzte.