'Zinema, Balenciagaren amets bat' erakusketa ireki dute

Getariako Hitza 2013ko ekainaren 21a

Pedro Usabiaga erakusketaren komisarioa azalpenak ematen Cristobal Balenciagaren lana ezezaguna da oraindik arlo askotan. Zinemarekin zuen harremana, esaterako, gutxi landu izan da sortzailearen lana aztertzerakoan. Horregatik, Cristobal Balenciaga Museoak Zinema, Balenciagaren amets bat erakusketa ireki du Pedro Usabiaga komisarioaren eskutik. Diseinatzaile getariarrak zinemarekin izandako harremanean sakontzea du helburu. Uda sasoian irekita izango den erakusketa formatu handiko ehun argazkik osatzen dute. Balenciagak zinemarekin izan zuen lotura ezezaguna bada ere, bere diseinuak hogei film baino gehiagotan izan dira ikusgai. Usabiagak aurkezpenean azaldu duenez, "film bateko jantziak oso garrantzitsuak dira pertsonaiari buruzko informazio gehiagarria ematen baitute. Balenciaga lau hamarkadatan zehar aritu zen garaian garaiko zuzendari eta emakumezko aktoreekin elkarlanean". Erakusketa kronologikoki antolatutako ehun argazkiz osatuta dago eta horietan moda diseinatzaileak filmetarako sortutako jantziak ikusi daitezke. Ava Gardner, Maria Felix, Conchita Montenegro, Romy Schneider, Marlene Dietrich, Brigitte Bardot edota Ingrid Bergman aktoreen irudiak biltzen ditu erakusketak. Usabiagak azaldu duenez, erakusketan bildutako funtsak Espainiako Filmotekarenak, Telecine Documentation agentziarenak eta 1970. hamarkadan zehar Donostiako Zinemaldiaren zuzendari izan zen Luis Gascaren bilduma pribatukoak dira.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide