Low Riders taldeak 'Hightimes' diskoa aurkeztuko du bihar Iñurritzan

Aritz Mutiozabal 2013ko ekainaren 20a

Low Riders laukotea (Nere Murgoitio). Countrya, rocka, bluesa, rockabillya, hillbillya... AEBeko jatorrizko musikaren sustraiak bere egin egin, eta generoko artista ezagunen bertsioak jotzen hasi zen Low Riders taldea. Hasiera batean, ospakizunetan eskaintzen zituzten emanaldiak, dela tabernetan dela elkarte gastronomikoetan. Duela bi urte abiatutako proiektua mamituz joan da, eta orain estudioko lehen lan luzea eman dute argitara. Hightimes izenburua jarri diote. «Momentu alaiak» esan nahi du. Hala,  taldearen izen erdiarekin (low) hitz jokoa egin dute. Diskoa bihar aurkeztuko dute ofizialki Donostiako Bukowski tabernan. Aurrerapen moduan, ordea, gaur Kalegorrian Iñurritza musika zikloan joko dute; jaialdia 20:00etan hasiko da, eta Arrutiko Intxaurrak bakarlariarekin eta Mor More taldearekin partekatuko dute kale gorria. Kosta bailarako musikariek osatzen dute taldea: Zarauzko bizilagun Marek Barath eslovakiarrak gitarra akustikoa jo eta abestu egiten du; Getariako bizilagun Michal Kapoun txekiarrak gitarra elektrikoa jotzen du; Carmelo Garcia zarauztarrak baxua; eta Nagore Etxabe zumaiarra bateriaz arduratzeaz gain, abestu ere egiten du. Bi egunetan hamaika «Michalek pianoak afinatzen egiten du lan Donostian, eta Fredi Pelaez ekoizlea berezoa du. Harekin hizketan, pare bat egunetan eta modu ekonomikoan zerbait grabatu genezakeela esan zion, eta halaxe sartu ginen estudioan», dio Barathek grabatzeko ideia gogora ekarriz. Pelaezen ardurapean, Beasaingo Pottoko Studioan sartu ziren martxoan. «Hasieran lau abesti baino ez genituen grabatu behar, baina azkenean hamaika egiteko astia eman zigun bi egunetan». Nahasketa eta masteriazio lanak maiatzean egin zituzten, eta, orain, euren kabuz eman dute argitara, autoekoizpenaren bitartez. Hightimes bertsio bilduma da. Beraien erara erregistratu dituzte Hank Williams III, Lee Hazlewood, Johnny Cash, The Highwaymen eta Neil Young bezalakoen artisten abestiak, baita country-rockarekin zerikusirik ez duten Pink Floyd eta The Seeds taldeenak ere. «Aurrera begira, besteen abestiak moldatzeaz gain, abesti propioak ateratzen saiatuko ga­ra», adierazi du abeslariak. Diskoa bost eurotan eskuratu daiteke Zarauzko Katixa eta Barley tabernetan, edo lowridersbanda@gmail.com posta elektronikora idatziz. Taldearen lan berriko zenbait abesti sarean daude entzungai, soundcloud.com/lowriders-1 atarian.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide