Sanjoanak herri, auzo eta kale askotan ospatuko dituzte asteburuan. Urrestillan, ordea, festa egun handiak izango dituzte etzi hasi eta asteazkena bitartean. Festen antolaketaz Urrestillako Festa Batzordea arduratzen da, baina ekitaldiak aurrera eramateko Azpeitiko Udaletik jasotako laguntzaz gainera, Urrestillako beste hainbat talde eta lagunen laguntza izaten dutela azaldu du Anne Unanue festetako batzordeko kideak: «Gazte afaria antolatzen Herri Batzordekoek lagunduko digute eta herri afarian, berriz, Antxieta elkartekoen laguntza izaten dugu».
2010eko jaietako irudi bat (Nerea Uranga/Hitza)
Festak hasi aurretik, egitarauarekin batera aldizkaritxo bat ateratzen du batzordeak, «herrian banatzen dugu», dio Unanuek. «Aurten garai bateko festen inguruan-eta idatzi dugu aldizkarian», gaineratu du. Festa aurreko lanetan hamar bat lagunek hartzen dute parte, «aurten gainera gazte batzuk gehitu zaizkigu batzordera». Baina, larunbatetik aurrera ekitaldiak aurrera ateratzen hogei bat lagun ibiliko dira.
Festak antolatzeko orduan, aurren-aurrena kontutan hartzen dutena, «adin guztietako jendearentzako ekitaldiak antolatzea da». Hortik aurrera, San Joan bezpera eta eguna zein egunetan egokitzen diren kontutan hartzen dute, «ez baita berdina asteburua edo asteguna egokitzea». Aurten bezpera kenduta beste egunak asteguna egokitu direnez jendea Urrestillako festetara gerturatzeko amu bezala Errimak Oinetan eta Lakrikun antzerki taldearen Prest gaude antzezlana antolatu dituzte gauez.
Azken urteetan, herritarrek festetan parte hartzeko ahalegina egiten ari da Urrestillako Festa Batzordea. «Betiko zenbait ekitaldi mantendu, baina beste berri batzuk sartu eta probatzen ari gara azken urteotan, jendearen parte hartzea sustatu nahian», azaldu du Unanuek.
Autobusa hiru egunetan
Aurtengo sanjoanetan ere Azpeititik Urrestillara joateko eta handik itzultzeko autobus zerbitzua egongo da, Azpeitiko Udalak jarrita. Aurten, gainera, hiru egunetan egongo dira autobusak: larunbatean, Azpeitiko anbulatorio aurretik 18:00etan eta 22:30ean irtengo du eta itzulerakoa 03:00etan eta 06:00etan da; igandean, Azpeititik 22:30ean irtengo du eta bueltakoak 01:30ean, 03:30ean eta 06:00etan dira; asteazkenean, berriz, zuhaitza botatzea ikusteko, 22:30ean da autobusa Azpeititik eta 01:30ean itzulerakoa Urrestillan.
Egitaraua
Ekainak 22, larunbata. Sorgin Eguna
- 21:00. Gazte Afaria. Txartelak saltzen daude gaur eguerdira arte Azpeitian Orkatzen eta Izaron eta Urrestillan tabernetan.
- 23:00. Kontzetuak: Belar Txarrak eta Zopilotes txirriaos.
Ekainak 23, igandea. San Joan bezpera
- 20:00. Poteo herrikoia, tabernaz taberna.
- 21:00. Pregoia, Agurra, Txupinazoa eta segidan Herri Afaria, frontoian.
- 00:00. San Joan zuhaitza sartzea.
- Segidan. San Joan sua piztuko dute.
- 00:30. Dantzaldia Laket taldearekin.
Ekainak 24, astelehena. San Joan Eguna
- 12:45. Azpeitiko Udal Musika Bandaren kontzertua.
- 13:00. Erraldoiak eta buru handiak.
- 17:30. Umeentzat erromeria.
- 22:00. Errimak Oinetan ikuskizuna. Eguraldi txarra egiten badu frontoian eta bestela plazan.
Ekainak 25, asteartea. San Joan Txiki
- 12:30. Sagardo dastaketa, Oto tabernaren eskutik.
- 14:00-14:45. Museko izen ematea, plazan, zubi gainean.
- 15:00. Mus txapelketa. Izena 14:00etatik 14:45era artean eman beharko da. Finala, Oto tabernan.
- 16:00. Puzgarriak haurrentzako.
- 17:00. Haurrentzako merienda.
- 22:00. Azpeitiko Lakrikun antzerki taldearen Prest gaude antzezlana, frontoian.
- 22:00. Salsa gaua, txosnetan.
Ekainak 26, asteazkena. San Joan hirugarrena
- 17:00. Haurrentzako eskulanak.
- 23:00. Zuhaitzaren entierroa egingo dute.