Ekaindarren Eguna.
Laugarren urtez, Ekaindarren Eguna ospatuko dute larunbatean herrian. 2008an Unesco Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak Ekain Gizateriaren Ondare izendatu zuela eta, Ekainberri Fundazioak eta Zestoako Udalak egun osoko egitaraua antolatzen hasi ziren. Urtez urte, herriko eragile gehiagok egin du bat egitasmoarekin, eta aurten Ekainberri, Sastarrain Baserri Eskola eta Zestoako Bainuetxearekin batera, Lili Jauregiak hartuko du parte.
Urtero bezala, Ekain kobazuloko, eta, oro har, historiaurreko arbasoen bizimodua ekarriko dute gogora. «Ospakizun berezia izango zen Ekaingo jendearentzat urteko egunik luzeena. Milaka urte geroago haiei keinu egiten hasi ginen Ekaindarren Egunarekin. Umil hasi ginen, baina egitasmoa bere inguru naturalera zabaldu dugu», adierazi du Zestoako jarduneko alkate Ruben Alberdik gaur goizean, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean eginiko aurkezpen ekitaldian.
Ekainberri museoak herriko eragile askoren «esku hartzea lortu» duela, eta, ondorioz, «bere inguruan txertatu» dela nabarmendu du Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendari Garazi Lopez de Etxezarretak. Ekainberriko kudeatzaile Juanjo Aranbururen esanetan, egitasmoa herriaren parte hartzearekin egitea gauza handia da. «Azken finean, hau denon ondarea da».
Ekaindarren Egunak Sastarrain bailara hobeto ezagutzeko abagunea eskaintzen du. Denetariko jarduerak antolatu dituzte herriko eta inguruko hainbat txokotan. Herrigunean musika eskolakoen emanaldia, triki-bertso poteoa,
cycling maratoia, giza proba, erromeria... Eta ohiko suaren etorrera antzeztuko dute.
Bisitaz bisita
Ekainberri museoan bisita gidatu bereziak egingo dituzte, %50eko deskontuarekin, eta historiaurreko bizimoduaren inguruko hainbat tailer doan eskainiko dituzte. Lili jauregiko
Agur Lili bisita teatralizatuak 1,5 eurotan jarraitu ahal izango dira. Bisitekin jarraituz, Zestoako Bainuetxeak ere bere ateak zabalduko dizkio nahi duenari.
«Guretzako oso garrantzitsua da egun honekin bat egitea. Izan ere, bainuetxeak eta Zestoak 200 urte elkarrekin egin dituzte, eta horrek eragina izan du herrian eta herritarrengan», azaldu du Zestoako Bainuetxeko zuzendariorde Jaione Egigurenek. Instalazioetara bisita gidatuak egiteaz gain, 1928an bainuetxean bertan filmatutako filma emango dute.
Sastarrain Baserri Eskolak ere instalazioak doan ezagutzeko aukera emango dute, baita tailerretan partehartzeko aukera ere. Era berean, pottoken ikuskizuna eta historiaurreko ehiza erakustaldia egingo dutela azaldu zuen eskolako ordezkari Ramon Martijak. Gainera, bisitariek bertan bazkaltzeko parada izango dute; helduek 10 euroren truke, eta haurrek 5 euroren truke.
Bisitak erreserbatzea komeni dela azaldu zuten antolatzaileek. Horretarako Turismo bulegoarekin jarri behar da harremanetan, 943-86 88 11 telefonora deituz edo
info@zestoaturismo.net posta elektronikora idatziz.
Egitaraua
Ekainak 22, larunbata
- Egun osoan. Bisita gidatuak Ekainberrin, Lili Jauregian, Zestoako Bainuetxean eta Sastarrain Baserri Eskolan.
- 12:00. Ertxiña Musika Eskolako Banda Txikia, udaletxeko arkupetan.
- 13:00. Triki-bertso poteoa, Astorkia trikitilariarekin eta Salegi, Olabide eta Olaizola bertsolariekin.
- 16:30. Cycling Maratoia, Laranjadi plazan.
- 18:30. Giza-proba erakustaldia, plazan. Parte-hartzaileak: Orio eta Deba.
- 19:30. Arkume erre pintxoak, plazan.
- 20:00. Ansorregi eta Larrañaga bikotearen eskutik erromeria, plazan.