Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finala jokatuko da Orion larunbatean

Urola Kostako Hitza 2013ko ekainaren 19a

Bertsozale Elkarteko Miren Irigoien, Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko Joanjo Respaldizak eta Orioko Udaleko Amaia Dorronsoro (Aiora Larrañaga/Hitza) Larunbatean Euskal Herriko XXV. Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finala jokatuko da Orioko Karela Kiroldegian Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak antolatuta eta Orioko Udalak babestuta. Aurten 25. urteurrena ospatuko du txapelketak, eta egunean zehar bertso ikuskizun «ederraz» gozatzeko aukera izango dela azaldu dute antolatzaileek. Larunbateko finalak bi saio izango ditu. Goizeko saioa 11:00etan hasiko da, eta arratsaldekoa 15:30ean. Bi mailatan banatuta jokatuko dute txapelketa parte-hartzaileek. 14 urte arteko haur eta gaztetxoen maila izango da alde batetik, eta 14-18 urte bitarteko helduen maila bestetik. Lehenengoek taldeka jokatuko dute bertso lehia, eta Zarauzko taldea izango da Gipuzkoako ordezkaria. Denera bost arikera burutu beharko dituzte; horien artean zenbait bertso gaia emanda, eta beste zenbait oinak emanda, besteak beste. Helduek, berriz, banaka jokatuko dute lehia; denera 10 parte-hartzaile iritsi dira finalera. Antolatzaileen iritziz nabarmentzeko da batez ere helduen saioak azken urteetan lortu duen maila. «Bertso saio onak egiten dituzte. Bertsolarien bizkortasuna eta gaiak lantzeko modua nabarmendu behar dira», adierazi du Euskal Herriko Ikastolen ordezkari Joanjo Respaldizak. Xabier Sukia oriotarra izango da txapelketako aurkezlea, eta Ekaitz Elorriaga, Gorka Intxaurbe, Ainhoa Mujika, Joakin Arregi, Beñat Soule eta MikelBeaumontek osatuko dute epaimahaia. Euskararekin jolasean 25 urte beteko ditu Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketak, eta zilarrezko urteurrenaren atzean bertsolaritzaren inguruan herriz herri eta ikastetxez ikastetxe egiten den lan handia dagoela nabarmendu dute antolatzaileek. Bertsozale Elkarteko Transmisio arduradun Miren Irigoienen iritziz, larunbatean Orion jokatuko den finala bertsolaritzaren topagunea izango da. «Urtero bezala, hainbat bertso eskolatako eta zazpi lurraldeetako gaztetxoek hizkuntzarekin jolastuko dute oholtza gainean. Euskalki asko entzuteko aukera izango dugu, gainera. Parez pare errealitate sozio-linguistiko eta kultural desberdinak bizi dituzten gazteak euren hizkuntzan, euskaraz elkarrekin kantari ikusteko aukera aproposa izango da», nabarmendu du Bertsozale Elkarteko kideak. «Ohorea» Oriorentzat Orioko Udala «pozik» agertu da aurten txapelketako finala Orion jokatuko delako. «Guretzat ohore handia da ekitaldi garrantzi hau Orion jokatzea. Euskal Herri osoko bertsolari gazteak izango baitira larunbatean Orion. Urtean zehar ekitaldi asko egiten ditugu, baina oso gutxik izaten dute nazio proiekzioa. Zazpi lurraldeetako bertsolariak Orion izatea ederra da eta aberatsa. Uste dugu herri bezala indartu egiten gaituela, eta horregatik sinesten dugu proiektuan», azaldu du Amaia Dorronsoro zinegotziak, Orioko Udalaren izenean. Euskalgintzako bi erakunde garrantzitsuek egiten duten lana ere nabamendu du Dorronsorok. «Herri mugimendutik sortuak dira biak. Bakoitzak bere esparruan, hezkuntzan batak eta kulturgintzan besteak, oso lan garrantzitsua egiten dute. Gure ustez administrazioaren zeregina da herri mugimenduari laguntzea; horrela uste dugu eta horrela egiten dugu». Arrazoi horrengatik Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketa egiteko azpiegitura jarriko du Orioko Udalak. Bestalde, Orioko Udaleko zinegotziak Errikotxia Bertsozale Elkarteak Orion bertsolaritza sustatzeko egiten duen lana nabarmendu du. Larunbateko finalak bi saio izango ditu; goizeko saioa 11:00etan hasiko da eta arratsaldekoa 15:30ean. Bi mailatan banatuta jokatuko dute txapelketa parte-hartzaileek. 14 urte arteko haur eta gaztetxoen maila alde batetik eta 14-18 urte bitarteko helduen maila bestetik. Lehenengoek taldeka jokatuko dute bertso lehia eta Zarauzko taldea izango da Gipuzkoako ordezkaria. Helduek, berriz, banaka jokatuko dute eta denera 10 parte-hartzaile iritsi dira finalera. Antolatzaileen iritziz nabarmentzeko da batez ere helduen saioak azken urtetan hartu duen maila. "Bertso saio onak egiten dituzte, bertsolarien bizkortasuna eta gaiak lantzeko modua nabarmendu behar dira".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide