[Berria.info] Berria egunkariaren estilo liburua oinarrizko tresna da idatzizko komunikabideetan euskaraz diharduten kazetarientzat. Paperezko bertsioa duela sei urte argitaratu bazuten ere, etengabe berritzen eta osatzen ari den lanabesa da. Bizitasunasun eta egunerokotasun hori ardatz hartuta, estilo liburuaren edizio digitala osatu dute orain. Atzo arratsaldean aurkeztu zuten Bilboko Euskaltzaindiaren egoitzan, eta dagoeneko erabilgarri jarri dute
www.berria.info/estiloliburua helbide elektronikoan.
Berriaren estilo liburu digitalaren azala. (Berria.info)
Berrikuntza nagusiena «aurkezteko moduan» dagoela nabarmendu du
Berriako euskara arduradun Irene Arraratsek. «Aurrekoa paperezko estilo liburu klasikoa zen. Oraingo hau erabat digitala da; datu base batzuetan egina dago, hasi eta buka. Horrek esan nahi du etengabe berrituko dugula. Informazioa gehitu nahi dugun guztietan gehitu dezakegu». Edozer gauza paperean baino «askoz errazagoa» bilatu ahal izango du erabiltzaileak. «Oso bilatzaile indartsua jarri dugu, eta eduki guztiak indexatuta daude».
Galdetzeko aukera
Tresna bizia izango da, baita dinamikoa ere. Hori horrela,
Berriaren estilo liburuaren arduradunei galderak eta iradokizunak egiteko aukera emango du. «Erabiltzaileak zerbait bilatu eta aurkitzen ez badu, informazio hori guk sartu ez dugulako, modua izango du galdetzeko. Beti saiatuko gara erantzuten. Batzuetan ez dugu erantzunik izango, ez garelako orojakileak, baina saiatuko gara dakienari galdetzen eta horren berri ematen», adierazi du Arraratsek.
Erabiltzaileen galderei esker jakingo du
Berriako euskara taldeak «zer huts» dituen estilo liburuak; hau da, zer egon beharko lukeen eta zer ez dagoen. Informazio «interesgarria» jasoko dutela iritzi dio euskara arduradunak. Izan ere, euskal komunitatearen kezkak, zalantzak, ikuspegiak eta ekarpenak biltzeko modua izango da, eta horrek estilo liburua gero eta osatuagoa izan dadin lagunduko du.
Estilo liburu berritua askotariko zalantzak argitzeko baliagarria izango da, eta edukiak gaika sailkatuak aurkeztuko ditu. Oro har kazetari estiloa lantzeko irizpideak ematen ditu, bai papereko idazkerarako bai sareko idazkerararako. Edukiak etengabe eguneratuko dituztenez, azken aldaketak nabarmentzeko ohartxo bat jarriko dute azalean, erabiltzaileak horren berri izan dezan.
Estilo liburua
Berriako kazetariei zuzenduta dago, baina euskal komunitateko edonork erabili dezake. «Berriako langileontzat bete beharrekoa da, noski. Baina euskaraz idazten duen edonorentzat probetxuzkoa izan daiteke,
Berrian nola jokatzen dugun jakin nahi izanez gero. Euskararen normalizazioan eta estandarizazioan laguntzen saiatzen gara, eta Euskaltzaindiaren erabakien berri gizarteratzen».
Kazetaritzarako euskara
Estilo liburuaren helburua kazetaritzarako euskara estandar egoki bat osatzea da. Baina kontsultak egiterakoan, erabiltzaileak argi izan behar du ez dela gramatika liburu bat. «
Berriak esamolde bat bazter dezake, erregistroa ez zaigulako egokia iruditzen egunkari baterako, baina ez euskara gaiztoa delako», arrazoitu du euskara arduradunak. «Idazten duten guztiek aukera estilistikoak egiten dituzte; estilo liburuan biltzen dena, hain zuzen, hori da:
Berriaren aukera estilistikoak».
Arraratsen hitzetan, ezin da zuzentasun gramatikalarekin konformatu. Hori baino «produktu hobea» eman behar da. «Horrek esan nahi du kontuan hartu behar dela hizkuntzaren adierazkortasuna, ulerterraza izatea, argia, zehatza, erakargarria... Konponbide praktikoak eman behar dizkiegu kazetariei. Haien premiak aldatuz doaz etengabe. Horregatik da hain garrantzitsua estilo liburua berrituz joan ahal izatea».
Estilo liburuaren hamar atal nagusiak
- Deontologia. Berria-ko langileek bete beharreko oinarri deontologiko nagusia.
- Informazio generoak eta elementuak. Informazioaren ikuspegia, generoen ezaugarriak eta informazio elementuak, gaingiroki azterturik.
- Idazkuntza. Komunikazio argi eta erakargarria lortzeko hainbat baliabide bildu nahian, hizkuntz ereduaz dihardute atal honetan: estiloaz, testuaren egituraz, esaldiaren antolamenduaz eta puntuazioaz.
- Internet. Sareko idazkeraren berezitasunak, labur-labur. Luze gabe, beste gai batzuk ere gehituko dituzte, Berria digitala berritu ahala
- Ortotipografia. Kazetarien zalantza nagusiak argitzeko hainbat gomendiok: letra larri eta xeheak nola erabili, maiuskula txikia, letra etzana, zenbakien idazkera...
- Onomastika. Izen bereziak idazteko oinarrizko irizpideak bildu dituzte: pertsona izenak, erakundeak, talde artistikoak, mahai inguruak eta hitzaldiak, kirol taldeak eta probak, zinema eta literatura lanak...
- Munduko herrialdeak. Munduko estatu guztiei eta estaturik gabeko hainbat naziori buruzko informazioa, mapa eta guzti. Herrialde guztien eta milaka lekuren euskarazko izenak, informazio entziklopedikoz jantzirik.
- Euskal Herriko herri izendegia. Euskal Herriko udalerri eta herri guztiak, herritar izenak, hainbat eta hainbat auzo, mendiak... Denak ere erdaratik abiaturik, erraz aurkitzeko moduan jarriak.
- Hiztegia. Ortografiari buruzko zalantzak eta neologismoen grafia ez ezik, morfosintaxia eta fraseologia gaiak. Informazio entziklopediko askotarikoa ere ematen du.
- Bibliografia. Gai horietan sakontzen jarraitu nahi duenarentzat.