Ricardo Lezon
Rockumentalak! VI. Musika Dokumental Zikloa azken txanpara iritsi da. Ostiralean, aurtengo azken filma emango dute –
The devil and Daniel Johnston, alegia–, eta larunbatean, berriz, itxiera ekitaldia egingo dute McEnroe eta The Great Barrier taldeen emanaldiekin. Pop sofistikatua lantzen dute McEnroe getxoztarrek, eta penintsulako areto eta jaialdi garrantzitsuenetan jo ondoren, Zarauzko Modelo zinema aretoan izango dira Ricardo Lezon (Zaragoza, 1969) eta taldekideak. Kontzertua 22:00etan hasiko da, eta sarrerak 10 eurotan eskuratu ahal izango dira.
Larunbatean aurtengo Rockumentalak! zikloa ixteko jaialdian joko duzue. Ezagutzen al duzue ekimena?
Egia esan, ez naiz sekula izan, baina ezagutzen dugu egitasmoa Zarauzko lagunen bitartez. Bestalde, antolatzaileetako bat den Oier Quirogak azaldu digu zertan oinarritzen den. Gogotsu gaude Zarautzen jotzeko, bertan ariko garen estreinako aldia izango baita.
Getxok eta Zarautzek antzekotasun handiak dituzte, dela turismoagatik, dela surfagatik. Musikalki ere zuen proposamena gustukoa izango dela uste al duzue?
Horrela izatea espero dugu. Donostian pare bat aldiz jo dugu, eta oso ongi atera zen guztia. Ez dakit Donostiara kontzertuak ikustera joaten den jendearen eta Zarautzera joaten denaren artean alde handia dagoen, baina guk, behintzat, gogo biziak ditugu. Zenbait udaldi Zarautzen pasatu ditugu, eta herria zertxobait ezagutzen dugunez, ilusioa egiten digu. Hala eta guztiz ere, ez dakit nolako erantzuna jasoko dugun.
Rockumentalak! egitasmoak gonbidatu baldin bazaituzte, interesa dagoen seinale izango da, ezta?
Zikloko antolatzaile Oier Quirogarekin hitz egiten aritu ginenean interes handia erakutsi zuen. Egia esan, bertan jotzeko deitu baldin bagaituzte, taldea zuzenean ikusteko gogoa dagoelako izango da. Berarekin solasean aritu naizen aldietan pozez beteta zegoela antzematen zitzaion.
McEnroe musika talde getxoztarra
Lehen aldia izango da Zarautzen. Zinema-antzoki batean joko duzuen lehen aldia izango al da?
Auditorioetan jo izan dugu, baina zinema batean inoiz ez. Alde horretatik ere deigarria egin zitzaigun. Ez dakit zer-nolako akustika izango duen aretoak, eta horrek zalantzak sortzen dizkigu. Taldearen soinua zein izango den jakin ez arren, tokia gustagarria da.
Kostatik kostara, Las orillas da orain arteko zuen azken lana. Kontzertuko errepertorioa bereziki disko horretan oinarrituta egongo al da?
Zuzenekoetan gure azken diskoko abestiak jotzen ditugu gehienbat, baina, oro har, gure diskografiako abestiak jotzen ditugu. Kontzertuetarako zerrenda bat dugu prestatuta, gehien gustatzen zaizkigun abestiekin. Zerrenda edo errepertorio hori aldatzen joaten den arren, ez ditugu kontzertuak disko jakin batean oinarritzen.
Prentsa berezituaren ustez, zuen lanik onena da Las Orillas. Laudorio horiek kontzertuetan islatu al dira? Jendeak hobeto erantzun al du?
Kontzertuetara jende gehiago etorri dela antzeman dugu; batik bat, Madril eta Bartzelona bezalako hiri handietara joan garenetan. Lehen baino publiko gehiago izan dugu. Egia esan, jende gehiagoren ahotan ibili da gure azken diskoa, eta, ondorioz, oihartzun zabalagoa izan du. Azken finean, ez dakizu prentsaren laudorioen eraginez izan den ala ahoz ahokoari esker.
Nolakoa da McEnroe taldearen zuzeneko emanaldi bat?
Zuzenekoetan gure doinua gordinagoa da. Alde batetik, halaxe gustatzen zaigulako, eta bestetik, entsegu lokalean ere modu horretan jotzen ditugulako abestiak. Kontzertuak diskoak baino indartsuagoak izaten dira, eta energia hori helarazi nahi izaten dugu. Talde amateurra gara eta jotzen dugun tokiek asko eragiten digute, baita horietan sortzen den giroak eta publikoarekin sor daitekeen harremanak ere. Hori horrela, kontzertu bakoitza bakarra izaten da.
Zuekin batera, The Great Barrier taldeak joko du jaialdian. Hauek ere bizkaitarrak dira. Ezagutzean al duzue elkar?
Izenez ezagutzen ditut, Bilbo Hiriko Pop-Rock Lehiaketa irabazi dutelako. Ez ditut gehiegi entzun, baina Rockumentalak! zikloko arduradunekin solasean, talde gustagarria dela esan zidaten. Ea astean zehar euren musika entzuteko aukera dudan.
Zuen hurrengo diskorako abesti berriak prestatzen hasi zarete jada. Aurreratzerik izango al zenuke zerbait?
Oraindik abesti zerrenda bukatzeko dugu, eta horretan ari gara buru-belarri. Sorta bat badugu, baina horiek grabatzeko tarte baten bila ari gara. Taldekide guztiok amateurrak gara, eta bakoitzak bere bizitza duenez, konplexua izaten da denok bat egin eta horretarako denbora hartzea. Edonola ere, ez dugu arinegi ibili nahi, eta astebete bat libre dugunean grabatuko dugu.
Abesti berriek azken diskoaren musika-lerroa jarraituko al dute?
Gure hasierako ideia Sevillako La Mina estudioan grabatzea da,
Las orillas grabatu genuen leku berean. Esan bezala, tokiak asko eragiten digu, ez bakarrik jotzeko, baita entseiatzeko eta grabatzeko ere. Beraz, abesti berriek aurreko ildo bera izango dute, soinuari dagokionez, eta, oro har, gure egungo egoera islatuko dute. Izan ere,
Las orillas diskotik ia bi urte pasatu dira.
Abesti berririk joko al duzue?
Ez dut uste horretarako paradarik izango denik. Bolada batez jo gabe egon gara, eta nahiago dugu orain arte ditugunak ongi jo. Gainera, diskoa atera aurretik zuzenean jotzen hasiz gero, azkenerako erre egiten dira. Beraz, aurreko diskoetako abestiak ekarriko ditugu Zarauzko kontzertura.