Corrugados Azpeitian langileak kaleratzen hasi dira gaur, dagoeneko 76 langile kaleratu dituzte. Kaleratze gutuna jaso eta gaur lantegira finikitoa sinatzera joan direnean, ez dagoela kalte-ordaina emateko diru-sarrerarik adierazi diete eta hasieran ezin izan dute kaleratze agiria sinatu. Baina, eguerdirako kontua konpondu dute eta sinatzeko aukera izan dute. "Egoera tristea da", esan du Koldo Artetxek, Langile Batzordeko LABeko kideak, eta orain auzibidea baino ez zaiela geratzen. Helegite kolektiboa jarriko dutela jakinarazi du. Eta irailera bitartean mobilizatzen jarraitzeko asmoa dutela adierazi du: "Suak piztuta iraun behar du". Alfonso Gallardo Taldeak, Corrugadosen jabeak, irailera arteko epea du langileak kaleratzeko. Corrugados Azpeitian 278 langile ziren gaur arte eta denak kaleratuko dituela esan die enpresak, hala ere enpresa ez duela itxiko jakinarazi die Gallardok, hala esan du Langile Batzordeko ELAko ordezkari Imanol Arrojeriak, "denok kaleratuko gaitu, baina enpresa itxi gabe. Jendea kaleratzen hasi da, baina orain ere gauzak serio egin gabe". Langile guztiak kaleratuta ere Corrugados Azpeitiako lan gatazkak segitu egingo duela adierazi dute langileek, "enpresa hau zabalik eta ahalik eta langile gehienarekin bizirik mantentzeko ahalegin guztiak egingo ditugu".
Instituzio publikoei esku hartzeko eskatu die berriro, "une larri hauetan ez ditugu erakundeak gure alboan ikusten". Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzari Gallardo Taldeari emandako 5 milioi euroko diru laguntza itzultzeko eskatzeko eta Gipuzkoako Foru Aldundiari Gallardok ordaindu gabeko BEZari dagokion 2 milioi euroak atzeratuta ordaintzen ez uzteko "exijitu" diete.