Mikel Salegi Kortatxo denboraldi honetan Oiartzungo nesken taldea entrenatzen ari da. (Uztarria.com)
Futboleko klubak hasi dira datorren denboraldia antolatzen. Zarautz futbol klubak dagoeneko baditu nobedade batzuk: orain arte gizonezkoen lehen taldea entrenatu duen Joseba Zubizarreta
Galtxa azpeitiarrak bere postua utzi eta Zarauzko jubenilen ardura hartuko du. Zubizarretaren tokia lehen taldean Pablo Turrillasek hartuko du; honek Espainiako Hirugarren mailako Gernika entrenatzen jardun du. Horrez gain, Zarauzko neskek entrenatzaile berria izango dute hurrengo denboraldian. Beste azpeitiar bat: Mikel Salegi
Kortatxo.
Salegi azken lau denboraldietan Oiartzungo nesken taldearekin aritu da. Oiartzunera joan aurretik Azpeitiko Lagun Onak-en nesken gidari izan zen bost denboraldiz. Entrenatzeko lana erosoago egitearren eta Zarauzko futbol klubak nesken futbolerako «proiektu polita» duelako eman dio baiezkoa Salegik Zarautzen eskaintzarI. «Oiartzunen lau urte egin ditut eta kupoa bete dut, bai bidaia aldetik, bai taldeari dagokionez. Talde batean lau urte baino gehiago egitea gehitxo delakoan nago, eta iaz ere uztear egon nintzen. Gainera, Azpeititik Zarautzerako bidea ere motzagoa eta erosoagoa da», azaldu dio HITZAri Salegik. Hala ere, oraindik Oiartzunekin ari da; «denboraldia bukatu gabe daukagu, Kopa jokatzen ari gara», dio Salegik.
Aurrera begira, Zarauzko futbol klubak nesken taldean «ilusioa jarrita» du Salegiren ustez: «Euskal Ligara jaitsi da Zarautz. Hala ere, lanerako ilusioa dute. Zarauzko nesken taldea azken denboraldietan nahiko gorabeherarekin ibili da, ezin tokia hartuta. Baina, apustu polita egitera doaz klubekoak, nesken futbolerako koordinatzailea ere jarri dute. Proiektu polita dute eta nesken futbolari indarra emateko gogoz daude, bai zuzendaritza, bai jokalariak».
Hamaika denboraldi egin du azpeitiarrak nesken futbol taldeak entrenatzen. «Lagun Onak-eko futbolariak lagunak nituen eta haiek entrenatzen hasi nintzen, hala bost urtez». Denbora labur batez mutilekin ere ibilitakoa da, baina neskekin gehiago ibili da. «Mutilen taldeak entrenatzeko ere aukera bat baino gehiago izan dut, baina nesken futbolean lan asko dago egiteko. Ohitu egin naiz eta gainera asko eskertzen dute egindako lana», dio Salegik.
11 urte Zarautz entrenatzen
Joseba Zubizarreta
Galtxa Zarauzko gizonezkoen lehen taldea entrenatzen 2002-2003 denboraldian hasi zen. Bi urte lehenago futbolean jokatzea utzi eta garai hartan Lagun Onak-eko haurrak entrenatzen ari zen. Datorren denboraldian, Zarauzko mutilen jubenilen ardura hartuko du.
Azpeitiko Lagun Onak futbol klubean ere bada aldaketarik; Jon Lizaso
Ipintza zestoarra jubenilen taldea entrenatzetik mutilen bigarren taldea gidatzera pasatuko da, hau da, Ohorezko Erregionaletakoa.