Larunbatean jarri zuten martxan TAO sistema berritua. Amaia Ventas
Larunbatean jarri zuten martxan TAO sistema berritua. Aparkaleku arautuez gain, beste alternatiba bat jarri du Zarauzko Udal Gobernuak herritarren zein bisitarien eskura: herri kanpoaldeko aparkalekuak. Aurten hiru prestatu dituzte uda sasoirako: Astin bata, Eguzki Zahar partzelan bestea, eta Abendañon azkena. Hirurak doakoak dira, eta lehenbiziko biek autobus zerbitzua ere izango dute. Abendañon, autokarabanentzako aparlakuak ere egongo dira.
Eguzki Zaharrek 600 bat ibilgailurentzat aparkalekuak izango ditu, eta 07:00etatik 22:00etara aparkatu ahalko da bertan. Bestetik, aurten bigarrenez egongo da erabilgarri Astiko aparkalekua. Iaz autobus zerbitzu berezia jarri zen erabiltzaileak gune horretatik hondartzara zein herrigunera eramateko, baina aurten ohiko autobusa dagoeneko Astitik pasatzen denez, maiztasuna handitu eta autoa kirolgune horretan uzten dutenei zerbitzu zabala eskainiko zaie. Hala, 07:45etik 21:15era igaroko da autobus zerbitzua gune horretatik.
Hori ordaintzeko bi modu egongo dira: batetik, ohiko autobus txartelarekin, eta bestetik, tiketa hartuz. Iaz bezala, autoko euro bat—ez pertsonako— ordaindu beharko da. «Asti herrigunetik urrun dagoenez, horren erabilpena sustatzeko prezio baxuak ezarri ditugu», azaldu du Mikel Goenaga Mugikortasun zinegotziak. Atzo jarri zuten martxan aparkaleku hori.
Debekatuta egongo da bi aparkaleku horietan autokarabanak uztea. Horientzako gunea Abendañon, atletismoko zelaiaren aldameneko kalean egokitu dute. Autokarabanek gehienez bi egunez egon ahalko dute zonalde laranja horretan aparkatuta, eta denbora tarte hori pasatakoan, zazpi egun igaro arte ezingo dute berriz bertara itzuli. Bertan aparkatzeaz gain, oinarrizko zerbitzua ere eskainiko zaie autokarabanei; ur hornidura, esaterako. Urte osoan egongo da zabalik, eta hori ere TAOren alternatiba gisa sortu dute. «Arrakasta duela ikusten badugu, baliteke autobus zerbitzua gune horretara ere zabaltzea», azaldu du Goenagak.
Eskaeraren menpeko sistema
Eskaeraren menpeko bost autobus geltoki egongo dira aurten: Astin, Azken Portu Goian, bi Hiruerreketan eta Goiko Kanpingean. «Beharra dagoenean soilik gerturatuko da autobusa geltoki berezietara. Hala, zerbitzua eraginkorragoa, errentagarriagoa eta iraunkorragoa izango da», dio Mugikortasun zinegotziak.
Hiruerreketan botoi bat duen poste bat jarriko dute. Erabiltzaileak hori sakatuz gero, autobusa bertara gerturatuko da, beti ere ordutegi barruan. Goiko Kanpingean daudenek, berriz, SMS mezu bat bidali beharko dute 943-877777 telefono zenbakira. «Horrekin neurriz kanpoko erabilera saihestu nahi da», azaldu du.
Zerbitzu horiek guztiak eman ahal izateko autobusen ordutegia zertxobait aldatuko dute, baina «ez da gehiegi moldatuko neguko zerbitzutik; gehienez, bi minutu gorabehera ibiliko da. Berezitasun bat izango du, ordea: jaiegunetako zerbitzua zabalduko da», nabarmendu du. Orain arte linea bakar batek funtzionatzen zuen igandeetan; aurrerantzean bi zentzutan ibiliko dira autobusak. Aldirietako aparkalekuei zerbitzua ematea da helburua: goizez zentzu batean bidaiatuko dute eta arratsaldez kontrakoan. «Jaiegun goizetan hondartza aldera joango dira bisitariak, eta arrratsaldetan aparkalekura itzuli, euren etxeetara bueltatzeko. Hori dela-eta, goizean bigarren lerroak funtzionatuko du, Astitik hondartza aldera, Eguzki Zaharretik igarota. Arratsaldean, berriz, lehenbiziko linea izango da erabilgarri». Aldaketa 15:00etan emango dela aurreikusi dute. Autobusetan banatuko dute ordutegien inguruko informazioa eta geltokietan ere egongo da ikusgai. Ekainaren 22an jarriko dute martxan eskaeraren menpeko sistema hori.
Bereizgarria jasotzeko
«Argi daukagu eragozpenak sortu direla TAOren aldaketa horiekin. Bulegoan ilara luzeak sortu dira, baina azken astean gainditu egin dira», esan du Goenagak. Izan ere, zerbitzua kudeatuko duen Gertek enpresak hainbat moldaketa egin du prozesua azkartzeko. Besteak beste, eskaera egin baina bereizgarria jaso ez dutenek behin-behineko baimen bat izango dute euren eremuan aparkatu ahal izateko. TAOren makinan autoaren matrikula sartuz gero lortu ahalko da baimen hori, doan. Eskaera egin ez dutenekin, berriz, malgutasunez jokatuko dute, aste honetan eskatu dezaten. Bereizgarria jasotzeko ekainaren 24tik aurrera pasatu beharko da bulegotik. Horrek eskaera egin ez dutenentzat prozesua arinduko luke.