Elkarretaratzea egin zuten hainbat zarauztarrek atzo arratsaldean, 'Konponbideari erasorik ez, utzi bakean Euskal Herria' lemapean. Amaia Ventas
Astelehenean hasiko da herriko tabernen auziko epaiketa, Espainiako Auzitegi Nazionalean. 110
herriko taberna eta kultur erakunde epaituko dituzte, baita Batasuneko kide izandako 40 lagun ere,
herriko tabernen bidez ETA finantzatzea egotzita. Epaituko dituzten Batasuneko kide izandakoen artean Mikel Arregi
Ertxin zestoarra eta Joseba Permach eta Esther Agirre zarauztarrak daude. Horrez gain, Azkoitiko Zakela Kultur Elkartea, Azpeitiko Orkatz Kultur Elkartea, Getariako Harralde Kultur Elkartea, Zarauzko Arrano eta Zumaiako Inpernupe epaituko dituzte. Hori dela eta, hainbat mobilizazio egin dute Azpeitia, Zarautz eta Zestoan,
Konponbideari erasorik ez, utzi bakean Euskal Herria lelopean.
"Epaiketa politiko baten atarian gaude berriro ere", dio Zarauzko Sortuk: "Epaiketa honekin errepresioaren, jazapen polizialaren eta espetxe politika kriminalaren bidez bilatzen duen helburu berbera du Espainiako Gobernuak: Euskal Herrian irekitako agertoki berria erasotzea, bakea eraikitzeko prozesuari eraso egitea". Epaiketarako auzitegi nazionalak aukeratu duen data ere ez dela "kasualitatea" nabarmendu du: "Aieten buruturiko Nazioarteko Konferentziaren bigarren urteurrenean hasiko da epaiketa. Eta bi urte igarota ezaugarri hauetako makroepaiketarekin eta salbuespen politikoko neurri guztiekin jarraitzeak gauza bat uzten du argi: bakearen etsaiak ez daude blokeo jarrera hutsean, inboluzioaren agenda ipini da martxan".
Espainiak Euskal Herriarentzat "agenda demokratikorik" ez duela dio: "Bakearen beldur delako da bakearen etsaia estatu espainiarra. Beldur izugarria dio Madrilek bake eskenatoki berri horri, jakin badakielako herri honi bere geroa erabakitzeko aukera irekitzen zaionean estatu bat eraikitzeko hautua egingo duela herritarren gehiengo zabalak". Hori dela eta PPk gatazka betikotu nahi duela nabarmendu du Zarauzko Sortuk, "indarkeriaren bidez proiektu politiko espainiarra inposatzen jarraitu ahal izateko eta bide batez, ezker independentistari ezinezkoa egiteko bide horretan aurrera egitea". Horren aurrean euskal herritarrek bake eta askatasun prozesuaren alde dauden guztiak "neurriko erantzuna" emango die: herri bezala, arrazoi demokratiko osoz eta erabakia hartuz, aldebakartasunez. "Herri honek eginda daukalako hautua. Konponbide prozesuari eutsi dio Euskal Herriko gehiengo politiko eta sozialak, nazioarteko komunitatearen eskutik. Bakea eraiki eta askatasuna eskuratzera doa gure herria".
Mobilizazio gehiago datozen hilabeteotan
"Jazarpen politikoekin jarraitu ahala", Espainiako Estatuaren eta euskal herritarren arteko "lubakia" zabaltzen doala dio, "gero eta argiago geratzen delako estatu antidemokratiko honetatik alde egin beharra, independentziaren beharra". Bide horretan, kalera atera eta mobilizatzea "ezinbestekoa" da, "konponbidearen alde indarrak metatzea". Ildo horretatik, datozen hilabeteotan herriz herri zein nazio mailan egingo dituzte mobilizaziotan parte hartzera animatu dituzte herritarrak: "Indarrak, konpromisoak eta ahaleginak biderkatzeko deia egiten dizuegu. Borrokaz egin du gure herriak aurrera eta borroka eta lana eginez eskuratuko dugu bakea eta askatasuna".