Getariako Udal Gobernuak aurrera begira "gogotsu" jarraituko du lanean

Urola Kostako Hitza 2013ko ekainaren 14a

Getariako Udal Gobernuak legealdiaren erdia igaro du eta bi urte horietako balorazioa egin du. "Politika arloan esperientzia asko ez izan arren, herriko hainbat eragiletan parte partutako herritarrek osatu genuen zerrenda, ilusioz, gogoz eta konpromisoz  gainezka. Lehen unetik helburu nagusi bat genuen, gauzak beste era batera egitea, Getaria eta Euskal Herri hobe bat eraikitzea posible dela uste dugulako" azaldu dute Udal Gobernutik. Herritarren partaidetzan eta udal kudeaketaren gardentasunean oinarritu zuten Bilduko hautetsiek euren diskurtsoa hauteskundeetan eta bi urtetan zehar hori betetzen "saiatu" dira. Alde batetik, herritarrak uneoro Udalaren gora-beheren inguruan informatuta izaten saiatu dira. "Horretarako, Udalaren egoera ekonomikoa, ordenantza fiskalak eta urteko aurrekontuen berri eman zaie herritarrei hilero antolatzen ditugun Getariako Udala Informatzen batzar informatiboetan". Bestetik, hasieratik herritarren beharrak zein diren jakin nahi izan du udal gobernuak eta lehen aldiz arlokako mahai irekiak martxan jarri ditu. Horretaz gain, Udalak "ahalegin berezia egin du Udaleko egoera eta kudeaketa ekonomikoa hobetzeko eta zuzentzeko. 2011n Udal Gobernura iritsi ginenean Getariako Udala oso zorpetuta zegoela konturatu ginen eta argi ikusi genuen joera hori eten egin behar genuela eta ezinbestekoa zela gastuak eta inbertsioak sarreretara egokitzea. Lan nekeza eta zaila izan da, baina gure helburua lortzen ari gara eta egun kudeaketa zorrotza eta zuzena jarraitzen dugu Udalean" adierazi dute Udal Gobernutik. Herritarrak eta herria helburu Bilduko Udal Gobernuarentzat herritarrak eta herriko elkarteak izan dira inbertsio nagusia. "Horregatik, krisi garaian murgilduta izan arren, denei laguntzak mantendu egin zaizkie eta behar handia zutenei areagotu ere bai. Gastu sozialari dagokionean ere ez dugu murrizketarik egin eta behar gehiena dutenei laguntzen jarraitu dugu". Azpiegiturei dagokionean ere proiektu "garrantzitsuak" jarri dituzte martxan, Balentziaga kaleko garajeak eta erabilera sozialeko obrak hain zuzen ere. Modu horretan "herrian dugun aparkaleku arazoari irtenbidea ematea izan da Udal Gobernuaren helburua". Aurrera jarraitzeko gogotsu Getariako Udal Gobernua aurrera jarraitzeko "gogotsu" da eta orain arte egin bezala "krisi ekonomikoari aurre egin eta iritsi daitezkeen ezustekoei irtenbidea ematen" saiatuko dira datozen bi urtetan ere. "Jakin badakigu akatsak egingo genituela eta argi dago ez genuela guztian asmatuko, baina bi urte hauetan ahalegin guztiak egin ditugu herriarentzat onena lortzeko. Aurrerantzean ere horrela jarraituko dugu ilusioz, gogoz eta konpromisoz" azaldu dute.    

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide