Iraurgi Lantzen: "Martxan jarritako enpresa kopurua izugarri jaitsi da urtebetean"

Ane Olaizola 2013ko eka. 13a, 09:00

Ekintzailetasunari buruzko hainbat saio egin du Iraurgi Lantzenek (Iraurgi lantzen) Iraurgi Lantzen garapen agentziak enpresa egitasmo berriak bultzatzeko zerbitzuaren aurreko urteko eta aurtengo lehenenengo hiruhilekoen balantzea egin du, eta jakinazi du bailaran martxan jarri diren enpresen kopurua «izugarri jaitsi» dela. Honen arabera, aurreko urtean 47 ekintzaile potentzialek jo zuten Iraurgi Lantzenera. Agentziak bideragarritasun plana egin ondoren, ordea, horietatik zazpi besterik ez ziren prozesuaren amaieraraino, enpresa martxan jartzeraino, iritsi. Iraurgi Lantzeneko Enpresa Arloko arduradun Alazne Larrañagak adierazi duenez, kopuru hori «azken urteetako txikiena da». Izan ere, aurreko urteetan batez beste 15-20 proiektu jartzen ziren martxan, eta orain erdira jaitsi da kopurua. Dena den, negozioa abiatzeko hasierako interesa mantendu egin dela gaineratu du. Jaitsiera hori hainbat faktorek eragin dutela adierazi du Larrañagak: «Batetik, krisi ekonomikoa dago, eta jendeak psikosi edo beldur sentsazioa du enpresa bat irekitzeko. Ez du arriskatu nahi. Horrez gain, banketxeek finantziazioa asko moztu dute. Gainera, ikusi dugu gugana etortzen direnetako askok formazio baxua dutela, eta eskaintzeko zerbitzu arruntegiak dituztela buruan. Ondorioz, negozioek funtzionatzeko aukera gutxi dute». Honen esanetan, faktore guztiek «momentu berean» egin dute bat. Iraurgi Lantzenek nabarmendu du beheranzko joera Euskal Autonomia Erkidegoko bera dela. «Ekintzailetasuna ez dago momenturik onenean». Edonola ere, adierazi dute erakunde publikoek ekintzailetasuna sustatu eta ekintzailetzari bere balioa eman nahi dietela. Beharrak bultzatuta Bailarako garapen agentziaren arabera, ekintzaileen soslaia aldatu egin da, eta egun beharrak bultzatuta jartzen dute enpresa martxan. «Lehengo ekintzaileek, oro har, formazio maila jakin bat zuten, eta aukerak bultzatuta hasten zuten negozio berria. Orain, askok ez dute prestakuntza egokirik, eta urteetan lanean jardun eta langabezian geratu direlako jotzen dute gugana». Egungo egoera ekonomikoak hala behartuta hasten dira asko horretan, baina, Larrañagaren iritziz, negozioak «irteera gutxi» izan ditzake hala eginez gero. «Gastu handia egitea eskatzen du ekintzaile izateak, eta baliteke lehen hilabeteetan irabazirik ez izatea. Jendea ez dago prest horretarako». «Garrantzia handiagoa» Iraurgi Lantzenek hamaika ekimen egin ditu azken urteetan ekintzailetasuna sustatzeko; besteak beste, gogoratu dute maiatzean tailer tematiko bat egin zutela. Azaroan, berriz, Iraurgi Lantzenen zerbitzuak jaso zituen ekintzaile talde batekin bilera egin zuten, kezkak ezagutzeko. Prestakuntza izatearen beharra ondorioztatu zuten bertaratu zirenek. Hango ondorioetatik abiatuta egitasmo berriak abiatzeko asmoa azaldu du Iraurgi Lantzenek, argitara emandako datuei buelta emateko asmoz. Izan ere, Larrañagak ekintzailetasunaren garrantzia nabarmendu du, eta jakinarazi du ildo horretan jarraituko dutela lanean. «Enpresak ixten ari dira, eta sektorea gero eta ahulagoa dago. Ezin dugu guztiok laguntzetatik bizi, eta horregatik ezinbestekoa da ekintzailetasuna».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide