201eko Zestoako ibilaldi neurtua.
Zestoako Agiro Mendi Taldeak hamalaugarren aldiz ibilaldi neurtua antolatu du iganderako (ekainak 16). Urtero ibilbideko zati bat behintzat aldatzen ahalegintzen da taldea, eta aurten eremu berrietan ibiliko dira mendizaleak. «Ibilbide guztia berria izatea oso zaila da, baina inguruko lekuak ezagutarazi nahi ditugu, bidea erabiliz garbitzen baita», adierazi du Agiroko Mikel Irurek. Hala, aurten Agitta errotatik aurrera joango dira, eta Arrateko Sakonera iristeko bide zaharra berreskuratuko dute, Sesiarte ingurura iristeko.
Mendizaleek
bi bide izango dituzte aukeran.
Luzeena 29 kilometrokoa izango da. Hori aukeratzen dutenek 06:30ak eta 07:30ak artean abiatuko dira, aurreikusitakoaren arabera, bost eta zazpi ordu bitarteko bidea egiteko.
Ibilbide motza, berriz,
20 kilometrokoa izango da, eta antolatzaileek lau eta sei ordu artean egin daitekeela kalkulatu dute. Bigarren hori hautatzen dutenek 07:30etik 08:00etara artean abiatuko dira. Zestoan hasiko da ibilaldi neurtua, eta handik Sastarrain, Otzarreta, Arrateko Sakona eta Aittola zeharkatuko dituzte. Han izango dute kontrol gune nagusia, eta bertan bananduko dira ibilbide motza eta luzea egin behar dutenak. Lehenengoak Goltzibar bailarara joango dira, eta besteak Kakute aldera. Handik Xoxote, Lasao eta Zestoara joko dute. Hainbat moldaketa egin dute bidea osatzeko, baina ibilbide erraza dela dio Irurek. «Hasieran Aittolako puntara joan zitezen nahi genuen, baina harri tarte handia dago, eta egin duen negua kontuan hartuta, pentsatu dugu hobea izango dela saihestea. Sesiarte punta ere ez dugu egingo».
Dagoeneko eman daiteke izena. Aurretik eman nahi duenak bihar arteko epea du,
www.herrikrossa.com helbidean, 10 eurotan. Egunean bertan ere egongo da izena emateko aukera, baina orduan 13 ordu ordaindu beharko dute parte-hartzaileek. Atzo 27 lagun zeuden probarako izena emanda. «Gehienek azkenengo momentuan egiten dute». Dena den, ibilaldia antolatu ahal izateko aldez aurretik izena emateko eskatu diete interesa dutenei.
Ibilaldia aurreikusi bezala joan dadin, egunean bertan laguntzaile talde bat izaten dute kontrol guneetan, izenak hartzeko eta bestelako lanetarako. Irurek adierazi du aurten 15-20 lagun inguruk
jardungo dutela antolatze lanetan.
Bidea, elkarlana
Ibilaldi neurtuak, eta, oro har, mendi lasterketak «asko ugaritu» direla aipatu du Irurek, eta positibotzat jo ditu halako probak. «Batetik, inguruko parajeak ikusteko aukera ematen du, eta horrez gain, kirola egin dezakete».
Igandeko ibilaldi neurtuaz gain, bestelako hainbat irteera antolatu ohi du elkarteak urtean zehar, eta azkenaldian herriko beste hainbat eragileekin prestatu ohi ditu ekimenak. Ekain Guraso Elkartea da horietako bat, eta Iruren ustez elkarlana da mendizaletasuna sustatzeko bidea. «Txikitatik bultzatu nahi dugu mendizaletasuna, konpromiso handia baitugu horrekiko». Urtean sei irteera antolatu ohi dituzte haurrentzako, eta adierazi dute urrian umeentzako eta euren gurasoentzako ibilaldi neurtua prestatuko dutela. Helduei dagokienez, hurrengo irteera Europako Mendietara izango da. Eguna ez dute zehaztu oraindik, baina uztailean izango dela aurreratu dute.