Larunbatean Danbolin Musika Eskolako dantza ikasleek ikasturte amaierako ikuskizuna eskainiko dute, 17:00etatik aurrera, Orioko Karela kiroldegian. Ander Errasti (Orio, 1984) Aukeran Dantza Konpainiako dantzaria eta Danbolin Musika Eskolako dantza irakaslea ikuskizunaren inguruan aritu da.
Larunbatean ikasturte amaierako ikuskizuna egingo duzue. Berrikuntzarik izango al da?
Aurtengoan aldaketa txiki batzuk izango dira beste urteetako ikuskizunekin alderatuta. Berezia izango da emanaldia; sorpresak izango dira. Ikuskizunak diseinatzerako orduan, lehenik eta behin talde bakoitzak zein dantza tradizional egingo duen erabakitzen dut. Dantzak zailtasunaren arabera mailakatuta ditut. Beraz, dantzarien maila kontuan hartuta, bat edo bestea egitea erabakitzen dut. Horretaz gain, urte batetik bestera dantzak ez errepikatzen saiatzen naiz, ikusleentzat aspergarria izan ez dadin. Behin dantza tradizionalak zein izango diren erabakitzen dudanean, nagusienekin koreografiak osatzen ditut. Horiek izaten dira ikuskizunari amaiera emateaz gain, ikuskizuna berezia egiten dutenak.
Zein adin tartetako haurrek eta gaztetxoek parte hartuko dute ikuskizunean?
4 urtetik 14 urtera bitarteko haurrek eta gaztetxoek parte hartuko dute ikuskizunean. Ekitaldia bi zatitan banatuko dugu. Lehenik eta behin txikien txanda izango da; 4 eta 7 urte bitarteko haurrena, hain zuzen ere. Hauek tailerreko ikasleak dira, eta dantza egiteaz gainera, musika ere lantzen dute eskola orduetan. Ekitaldiaren bigarren zatian, berriz, zazpi urtetik gorako dantzarien txanda izango da.
Koreografiak pizgarria izaten al dira gaztetxoentzat ?
Nire ustez gaztetxoak dantzan jarraitzera motibatzen dituena koreografiak izaten dira. Dantza tradizionala atsegin dute, baina koreografiekin, dantza egiteaz gain, sormena ere lantzen dute. Koreografiak sortzea talde lana izaten da. Gaztetxoek musika aukeratzen dute, koreografia denon artean muntatzen dugu, eta zein arropa eramango duten ere elkarlanea erabakitzen dugu. Uste dut oso garrantzitsua dela sormena lantzea.
Koreografiak egin ahal izateko gaztetxoek euskal dantzen oinarrizko ezagutza izatea ezinbestekoa al da?
Koreografiak txukunak atera daitezen, pausoak ondo markatzea beharrezkoa izaten da. Beraz, teknikak zerikusia izaten du koreografia bere osotasunean txukun atera dadin. Guk lantzen ditugun koreografiak batez ere euskal dantzetan oinarritutakoak izaten dira. Horregatik, lehen urteetan euskal dantzen oinarri ikasten dute haurrek, eta 12 urtetik aurrera koreografia askeagoak egiten dituzte. Oinarria ezagututa askoz errazagoa da koreografiak asmatzea. Gazteenek zahartxeagoek egiten dituzten koreografiak adi-adi jarraitzen dituzte, eta ondoren bere koreografia asmatzerakoan kontutan hartzen dituzte. Deigarria egin zait hori.
Zu gaztetan hasi zinen dantzan, eta oraindik ere jarraitzen duzu. Ba al duzu ikaslerik zure bidea jarraitu nahi duenik?
Ni dantzatik bizi naizela ikusten dute, baina horretara iristea zaila dela iruditzen zaie. 14 urte dituztenean dantza eskolatik Harribil Taldera saltoa emateko aukera dute, baina zenbaiti helduagoekin dantza egiteak lotsa ematen dio. Dantza eskolara ikastera etortzen dira, eta dantza taldeko dinamika, berriz, desberdina da, ardurak hartu behar izaten dira, entseguak serio hartu eta parte-hartzea zuzena izan erabakietan.
Zu dantzatik bizi zara. Zer esango zenioke zure urratsak jarraitu nahi dituen gaztetxo bati?
Dantza egitea gustatzen zaionari aurrera jarraitzeko esango nioke. Niri kasualitatez sortu zitzaidan Aukeran Dantza Konpainiak dantza egiteko aukera, 18 urterekin, eta hor lanean jarraitzen dut oraindik. Badakit ez dela bide erraza, baina saiatzen denak gauzak lortzen dituela uste dut.