Ilara luzea TAOren bulegoaren atarian. Aritz Mutiozabal
Zarauzko PSE-EE udal taldeak TAO sistema atzeratzeko eskatu dio Udal Gobernuari. Larunbatean jarriko dute martxan eta PSE-EEren arabera tramitazio prozesuan "kaosa" da nagusi. Herritar ugari kexatu dela dio alderdiko bozeramaile Patxi Elolak, eta idatzi baten bitartez aparkaleku arautuen sistemaren ezarpena uztailaren 1era atzeratzeko eskatu du. Era berean, izapideak egiteko prozesua arintzeko galdegin dio eta herritarrek horretarako dituzten zailtasunak konpontzeko. Kexen aurrean Udal Gobernuak duen "geldotasuna" salatu du, eta prozesua "porrota" izaten ari dela nabarmendu.
Elolaren arabera, Udal Gobernuak TAO sistema jartzeko "presak" eta "zorroztasun ezak" modu txarrean eragin die herritarrei. "Urte bete igaro dute TAOren
informazio prozesuan murgilduta eta orain ia denborarik gabe izapide guztiak betetzera behartu dituzte zarauztarrak". Ildo horretatik, politikarien helburuak herritarren egoera hobetzea izan behar duela gogoratu du, eta ez hori "oztopatzea", "Udal Gobernua egiten ari duen bezala".
"Herrian ezinegon handia dago, eta hori areagotzen ari da egunez egun. TAOren bulegoa zein telefonoa kolapsatuta daude, eta Udal Gobernuak ez du erreakzionatu", gaineratu du Elolak: "Harrera ordutegiak zabaldu izana ez da nahikoa. Goizez zein arratsaldez ilara handiak egiten jarraitzen dute herritarrek. Etxez etxe banatu zuten eskuorriak, gainera, akats ugari ditu. Azalpenak ez daude argi". Hori dela eta, TAO sistema uztailaren 1era atzeratzeko galdegin dio Udal Gobernuari.
Egoera "onartezina" dela dio, eta herritarrei "begirunea eta errespetua" zor zaiela.