Larunbatean Zarauzko Arraun Elkarteak uda honetan itsasoan arituko diren bi Enbata traineruak aurkeztuko ditu, KAE ligan parte hartuko duen senior mutilen ontzia eta Gipuzkoako ligan parte hartuko duen eta Euskotren Ligako sailkapen estropadan parte hartuko duen emakumeen ontzia, hain zuzen. Musika Plazan izango da, 12:00etan.
Ez da lehenengo aldia izango ZAE udan bi ontziekin ibiliko dena. 2010ean TKE eta KAE ligatan ontzi bana atera zituen. Lehenbiziko aldia da, ordea, nesken eta mutilen ontziak uretaratuko dituztena.
Bestalde, Zarauzko Arraun Elkartean ari diren beteranoek lehian aritzeko taldea osatu dute eta Badok 13 izena hartu dute lehiarako.
"Giro aparta izango da eta aurpegi berri ugari ikusteko aukera paregabea. Animatu zaitezte Zarauzko arraunlari guztiak animatzera, herritarren berotasuna eta babesaren beharra izango dute eta uda honetan izango duten erronkei aurre egiteko", adierazi dute ZAEtik.
ZAEk bereziki eskertu du Zarauzko Udalak estropaden antolaketan egingo duen ahalegina, izan ere abuztuaren 15eko KAEko estropadaren antolaketan parte hartzeaz gain TKE ligan bi jardunaldiko estropada formatuari eutsiko dio Zarauzko Estropadak TKE ligako ikur bihurtuz.
Opariak bazkideentzat
Arraun Elkarteak elastiko bana oparituko die larunbatean plazara agertzen diren bazkideei. Bazkide ez direnek elastikoak, lepoko zapiak eta balkoietan jartzeko banderak erosteko aukera izango dute plazan jarriko duten postuan. Era berean, Badok 13-ko kideek beste postu bat jarriko dute ZAEren babesle diren Solagüen eta Navascal Chardonnay ardo upategien ardoak eskaintzeko. Hain zuzen, Leitzaran+Etorri eta ezagutu Andoain, Solagüen, Navascal Chardonnay eta Patxaran Zarra izango dira Zarautz Arraun Elkartearen 2013ko babesleak,.
Ziri txakolinaren kofradiakoek ere postua jarriko dute eta bertan txakolina eta jatekoak salduko dituzte.
Igandean bi traineruak Ondarroan eta gazteak Legution Euskadiko Aulki Mugikorreko txapelketan Igandean bi traineruak Ondarroan jokatuko den Antiguako Amaren IV. Estropadan hartuko dute parte. Arraunlariak eramango dituen autobusean tokia izango da joan nahi izango luketen bazkideentzako. Larunbatean bertan eman ahalko da izena, plazan. Gazte mailako arraunlariak, berriz, Legution (Araba) izango dira Euskadiko Aulki Mugikorreko Txapelketan. Gipuzkoako txapelketan bigarren egin duen infantil mailako taldeak aukera izango du berriz ere dominaren bat irabazteko. Urrea irabaziz gero, ZAEren 30 urtetan aulki mugikorrean lortuko luketen lehen titulua izango litzateke.