‘Herriko tabernen auzia’ salatzeko elkarretaratzeak egingo dituzte bihar

Nerea Uranga 2013ko ekainaren 12a

2006an Getariako Harralde tabernara ertzainak sartu ziren miaketa egitera (Gari Berasaluze/Hitza) Zestoan eta Azpeitian, 19:00etan izango dira protestak, herriko plazetan, eta Zarautzen 19:30ean, udaletxe plazan. «Auzipetuei babesa adierazteaz gain, egungo egoera politikoari erabaki hauek mesede nekez egiten diotela adierazteko deitu dugu elkarretaratzera», azaldu dute Sortuko kideek. Konponbideari erasorik ez! Utzi Euskal Herria bakean! lelopean egingo dituzte elkarretaratzeak. Urriaren 17an hasiko da herriko tabernen 35/02 auziko epaiketa, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Joan den astean jakinarazi zuten data. 110 herriko taberna eta kultur erakunde epaituko dituzte, baita Batasuneko kide izandako 40 lagun ere, herriko tabernen bidez ETA finantzatzea egotzita. Epaituko dituzten Batasuneko kide izandakoen artean Mikel Arregi Ertxin zestoarra eta Joseba Permach eta Esther Agirre zarauztarrak daude. Arregirentzat eta Agirrerentzat 10na urteko kartzela zigorra eskatu dute, eta Permachentzat 12 urtekoa, ETAko kide izatea edota erakunde armatuarekin elkarlanean jardutea egotziz. Eskualdeko hainbat herriko taberna eta kultur elkarte ere epaituko dituzte; hala nola, Azkoitiko Zakela Kultur Elkartea, Azpeitiko Orkatz Kultur Elkartea, Getariako Harralde Kultur Elkartea, Zarauzko Arrano eta Zumaiako Inpernupe. Epaiketaren hasiera eguna urriaren 17a jarri dute, eta luze joko duela aurreikusten da. Oraingoz, akusatuei deklarazioa hartzeko egutegia prestatu dute, baina epaiketa urritik otsailaren erdira artekoa aurreikusten dute. Saio bakoitzean hiru auzipetuk deklaratuko dute. Esaterako, Joseba Permachi lehen egunean hartuko diote deklarazioa, Joseba Alvarezi eta Idoia Arbelaitzi bezala. Auzipetuen ondoren, herriko tabernetako eta elkarteetako ordezkariek deklaratu beharko dute; azaroaren 19an hasiko dira deklarazioa hartzen. 2002ko apiriletik hazten joan da auzia. Orduan hasi ziren auziari lotutako atxiloketak, miaketak, enbargoak eta egoitza ixteak. Proiektua indarberritzeko gogoz bete ditu 20 urte Orkatzek 1993ko sanjoanetan ireki zituen ateak Orkatz Kultur Elkarteak. Orain 20 urte. Eta urtemuga ospatzeko hainbat ekitaldi antolatu dute asteburuan. Kultur elkartearen sorrerako nondik norakoak azaldu dituzte Orkatzekoek: «Bestelako herri bat amesten genuen herritarrontzako elkargune bat sortzeko eta Azpeitian Kultur Elkarte bat irekitzeko beharra ikusita, hori gauzatzeko bilera amaigabeak egin ziren, baita diru bilketa eta bestelako lanak ere. Ideiek eta ametsek, onenak izanda ere, egia bihurtzeko etengabeko lana eskatzen baitute». 20 urteotan ehunka jardunaldi antolatu ditu kultur elkarteak. «Ekimenak antolatzearekin batera, Azpeitiak urteotan izan duen eraldaketa prozesuan parte izan da Orkatz. Gaurko Azpeitia ez baita orain 20 urteko Azpeitia». Bidean gertatutakoak eta izandako hainbat asmo eta ekimen gogora ekarri dute. «Gaztetxe bat itxi eta bestea ireki zen; Basozabalen kultur etxea irekitzeko asmoa egon zen tartean; Soreasun kafe antzokia aldarrikatu zen; Sanagustinen kulturgunea jarri zen martxan, eta Kultur Mahaia ere sortu zen. Bide horretan, Orkatz Kultur Elkartea herriko beste eragile batzuen bidaide izan da». Baina ametsekin batera amesgaiztoak ere izan dira Orkatzen hogei urteko ibilbidean. «Ez da erraza izan. Azpeitia eta Euskal Herrian aldaketaren beldur izan direnen begi-puntan egon baita kultur elkartea». 2003tik enbargo prebentiboan ditu lokalak eta blokeatuta kontuak, 35/02 auzia tarteko. Prozesu horrek milaka euroko gastuak eta ixteko mehatxua erantsi dizkio kultur elkartearen egitasmoari. Baina «mehatxu eta oztopoen gainetik aurrera begira segitzeko asmoa» dute. «Orain 10 urte mehatxuak hasi zirenean elkartea berritu genuen, beste aldi bat zabalduz. Orain, lehen egindakoa hobetu eta gure proiektua indaberritu behar dugu». Egitaraua Ekainak 14, ostirala
  • 22:30. Bertso saioa, Orkatzen. Ariko diren bertsolariak: Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Jokin Uranga eta Haritz Etxeberria Ministro.
Ekainak 15, larunbata
  • 10:00. Sega apustua.
  • 11:30. Batzarra, Sindikatu Zaharrean.
  • 13:00. Trikitilariekin hamaiketakoa, Orkatzen.
  • 14:30. Bazkaria, Sanagustin kulturgunean. Bazkarirako txartelak Orkatzen daude salgai, eta erosteko azkenengo eguna gaur da. Ikasle eta langabeei 15 euro kostako zaie, eta soldatadunei 22 euro.
  • Bazkalondoan. Amamantzako Guapuek taldearen emanaldia, Sanagustinen.
  • 22:00. Egurra Ta Kitto! eta Belar Txarrak taldeen kontzertuak, Orkatzen.
Ekainak 16, igandea
  • 12:00. Porrotxekin kalejira, Orkatz tabernatik abiatuta.
 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide