Errezeta elektronikoa indarrean jarri dute hainbat herritan

Ane Olaizola 2013ko ekainaren 12a

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi duenez, Aizarnazabalen, Getarian, Zestoan eta Zumaian hilaren 20an ezarriko dute e-rezeta.  Azkoitian, Azpeitian eta Errezilen, berriz, ostegunaz geroztik dago martxan sendagaiak emateko eta preskripzioak egiteko sistema berria. Azkoitiko Pilar Jaen farmazian, sistema berriarekin lanean. (Ane Olaizola/Hitza) Sistema berriaren bidez desagertu egingo da ohiko paperezko errezeta, eta horren ordez herriatrrek osasun-txartela aurkeztu beharko dute farmazietan botikak lortzeko, bertan egongo baita gordeta mediku historia osoa.  Sendagileak gaixoaren txartelean jasoko du errezeta, eta ondoren horren bidez identifikatuko du nork bere burua farmazian. Hala, farmazialariak txartelaren bidez jakin ahal izango du bezeroak behar duen botika zein den. «Fidagarritasuna bermatuko da, farmazian ziur jakingo baitute zer sendagai eta dosi agindu dioten gaixoari», adierazi du Osasun Sailak. Tratamendu kronikoa dutenek, beraz, ez dute anbulatoriora joan beharrik izango errezetak jasotzera, eta zuzenean farmazian hartuko dituzte sendagaiak. Azpeitiko osasun zentroko buru Ana Errastiren arabera, indarrean jarri berri den eredua «errazagoa» izango da herritarrentzat. «Sistema berria erosoagoa da, anbulatorioko joan-etorriak eta itxaronaldiak saihestuko dituelako. Gainera, ingurumen aldetik ere hoberako izango da, papelaren gastua murriztuko baita». Kontrola sendagaietan Sistema berriarekin hainbat aldaketa izango dute aurrerantzean herritarrek. Gaixo kronikoek hilabete bat baino gehiagorako errezetak eduki zitzaketen orain arte, baina sistema berriarekin botikak gastatu ahala erosi ahal izango dituzte. «Honen bidez gehiago kontrolatuko dira salmentak. Izan ere, herritarrak errezeta ez badu behar, ez da erostera joango. Beraz, kaxak ez dira etxean pilatuko, eta gaixoek soilik behar dituzten botikak hartuko dituzte». Hala, anbulatoriora joan-etorri gutxiago egingo dituzte, baina farmazietara gehiago. Beste aldaketetako bat tratamenduen orria izango da. Medikuaren kontsultara joaten direnek, paperezko errezetaren ordez, tratamenduaren inguruko informazioa jasoko dute orri batean. Bertan, botikaren izena, hartu beharreko dosia, tratamenduaren azken eguna eta gaixotasuna berriro aztertzeko eguna zehaztuko die sendagileak, besteak beste. Farmazietan oraindik orain ikus daitezke gaixoak paperezko errezetekin. Izan ere, medikuak modu horretara egindako errezetak erabili beharko dituzte sistema berriarekin hasi aurretik. Paperezko errezetak amaitzen dituztenean aktibatuko zaie errezeta elektronikoa, Azpeitiko Eizagirre Arozena farmaziak jakinarazi duenez. Gainera, Errastik azaldu du paperezko errezetak balioa izaten jarraituko duela, honen erabilpena ia erabat desagertuko den arren. Hala, adierazi du larrialdi zerbitzuko sendagileek paperean egin ahal izango dutela errezeta. «Larrialdi zerbitzura joaten diren gaixoak edozein herrietakoak izan daitezke. Beraz, edozein botikara joan ahal izateko paperean ere errezeta egiteko aukera izango du». Azpeitiko anbulatorioko buru Ana Errasti (Ane Olaizola/Hitza)

Errezeta elektronikoaren nondik norakoak ezagutzeko, informazio orriak jarri dituzte sistema indarrean dagoen herrietako osasun etxe eta farmazietan. Errastik adierazi du oraingoz «aparteko arazorik» ez dela sortu anbulatorioetan eta botiketan. «Anbulatorioko harrerako lana asko aldatu da. Oztopo bakarrak txartelaren arazo teknikoak izan dira orain arte, baina gehienak dagoeneko konponduta daude». Gaixoek, berriz, sistema berria ondo hartu dutela adierazi du Erraztik. «Eriek hobekuntza nabarmena antzemango dute», berretsi du. Farmaziak, ohitu nahian Botiketan, berriz, sistema berrira ohitu nahian dabiltza, haiei aldatu baizaie gehien lan egiteko modua. «Fakturatzeko orduan errezetak berrikusi, ordenatu eta bidali egiten ditugu ikuskaritzara, eta orain guztiak informatizatuta egongo da». Gainera, kontrol handiagoa izango dute botikak ematerako orduan. Txartelean jasotako eta farmazialariak emandako botika ez badator bat, sistemak ez du ahalbidetuko sendagaia ematea. «Akats gutxiago egongo da aurrerantzean». Aldaketa «egun batetik bestera» etorri zaiela adierazi dute Azpeitiko Eizagirre Arozena eta Azkoitiko Pilar Jaen farmazietan. «Praktika gutxirekin hasi gara», dio Azpeitikoak. Jakinarazi dutenez, aurreko astean hitzaldi bat eman zieten, eta haren ondotik hasi dira eredu berriarekin lanean. «Orokorrean ez dugu arazorik izan. Halakoetan izan behar den bezala, pazientzia pixkat bat eduki behar dugu guztiok, denontzat baita berria», adierazi dute Pilar Jaen farmaziakoek. «Jende nagusiari zailagoa dela iruditzen bazaio ere, behin ohitutakoan erosoagoa izango da haientzat», berretsi du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide