Fiarek eta Zarauzko Udalak lankidetza akordioa sinatu du. "Pozgarria da guretzat Zarautzen Fiare bezalako elkarte bat egotea, eta pozgarria da baita hainbat herritar euren borondate hutsez halako proiektu batean murgildu izana ere. Bestelako banku eredu bat beharrezkoa den garai hauetan, txalogarria da halako egitasmo garatzen ari direla ikustea. Zentzu horretan eskerrak eman nahi dizkiegu egiten ari diren lanagatik eta eraikitzen ari diren proiektuagatik", adierazi du Ogasun eta Finantza zinegotzi Iñaki Eizagirrek. Hori dela eta, udalak bat egin du "oinarri etikoetan eraiki eta herritarren beharrei erantzungo" dion kreditu kooperatibarekin: "Bat egiten dugu alternatiba ekonomiko bat eraikitzeko asmo horrekin. Egungo eredutik aldenduko gaituen alternatiba sozioekonomikoak kreditu kooperatiba berriak ere beharrezkoak ditu, zeinetan denon dirua zein proiektuetara bideratu eta zeinetara ez denon artean erabakiko dugun, beti ere balio etikoaren araberako proiektuak babestuz".
Udalak 1.800 euro bideratuko ditu hala Fiarera. Hitzarmena sinatzeko pausoa emateagatik zoriondu du Igor Etxabek, Zarauzko Fiareko kideak udala. "Guretzat erronka izan da udalarekin hartu emana hastea", nabarmendu du: "Guretzat udala eredu modukoa da herritarrentzat, ispilu modukoa. Era berean, finantza eragile gisa, ikusi dugu udalarekin lankidetza egiteko moduan gaudela, duen kreditu soberakina eskuratuz edo alderantziz; udalak izan ditzakeen kreditu beharrei erantzunez".
Zentzu horretan, lankidetza horrekin aurrera jarraitzeko konpromisoa hartu du udalak; bertako bazkide izatea posible dela esan du Eizagirrek. Hala gertatzen bada, asanbladetan parte hartu ahalko luke, bozkatu eta bere "hondar aletxoa eman". Fiareren erabilera egunerokotasunean txertatzea nahi dute, hainbat esparrutan. Esaterako, GKEei urtero ematen dien diru laguntza Fiareko kontu korrontearen bidez egitea edota antolatzen dituzten kontzientziazio ekimenetan—Aste Solidarioa, esaterako—presente izatea,aipatu du Etxabek. Eizagirrek espero du elkarlan horrek fruitu interesgarriak emango dituela aurrerantzean.
Kreditua eta kooperatiba
2005. urtean sortu zen Fiare, Bilbon. Etxabek adierazi du bi hitz direla gakoa: kreditua eta kooperatiba. Kreditua, aurreztaileen eskuetatik lortu eta finantziazio beharrak dituztenei eskaintzen direlako. Eta kooperatiba, bazkideek asanbladatan hartutako erabakien bitartez zuzentzen delako elkartea. Fiareren ezaugarri nagusia, berriz, irizpide etikoen bitartez zuzentzen dela. "Armagintza eta halako besteko proiektuetan inolaz ere ez da inbertitzen gure diru funtsik".
"Egun bizi dugun sistema ekonomia dudarik gabe ez da bidezkoa, jende asko baztertzen duelako. Badirudi gaiaz hitz egiten dugunean, abstraktuak balira bezala hartzen ditugu", gaineratu du Joxean Azkue Zarauzko Fiareko kideak: "Konturatu behar dugu gu geu ere egoera honetan agente garela, inbertitu egiten dugu, aurrezkiak ditugu, kontsumitzaileak gara... Norberak ere ardura badugu egoera honetan eta gure esku dago hori aldatzeko ahalegina egitea". Udalak emandako eredua "beste animo eta indar bat" dela nabarmendu du.
Momentuz kreditu kooperatiba da, baina berriki egin duten fusio bati esker, laster banku izaera hartuko du, eta horrekin kreditu bitartekaritzaz gain, beste zerbitzu batzuk ere eskainiko ditu, besteak beste, kutxazainetan txartelarekin dirua ateratzea eta fakturak helbideratzea.
Egun Fiare herri mailan zabaltzeko lanean dihardute 10-12 lagunek. Asteartero biltzen dira Madoz kalean (Garma gimnasioaren parean) duten lokalean, herritarrei informazioa helarazi eta haien zalantzak argitzeko. 18:00etatik 20:00etara izaten da hori. Ikasturteari amaiera emateko biharko emanaldia antolatu dute Modelo aretoan, udalaren laguntzarekin. Hain zuzen,
Con tu dinero dokumentala izango da ikusgai, 19:00etatik aurrera. Gaur egun hainbat finantza erakundek bezeroen diruarekin egiten dituzten praktika desegokiak izango ditu hizpide, eta horren aurrean alternatiba batzuk ezagutarazi, tartean, Fiare bera. Ondoren solasaldia izango da.
Udan etenaldia egingo dute, eta irailean itzuliko dira Fiareko kideak, "indarberrituta".