Zumaiako Ingurumen zinegotzi Aitor Leitza, Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakari Amaia Guruzeta eta Getariako Udaleko Ingurumen zinegotzi Gorka Bordagarai. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Azaroan abiatu zuen Urola Kostako Udal Elkarteak etxean eta auzoan konposta egiteko plana, eta gaur eguerdian planaren 3. fasea aurkeztu dute; norbanakoek etxean eta bizilagunen komunitatean konpostagailua jartzeko kanpaina, alegia.
Amaia Guruzeta Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakariak azaldu duenez, azterketa bat egin dute arlo horretan eskualdearen potentzialtasuna neurtzeko.
«Azterketaren arabera, 20.906 etxebizitza daude eskualdean, eta horietatik 2.024k dute lorategi pribatua edo komunitarioa». Urola Kostako Udal Elkarteak uste du etxeko konpostajearen bitartez hondakinen %2,44 saihes daitezkeela. «Modu horretan hondakinen bilketan aurreztuko genuke eta sistema jasagarriagorantz urratsak emango genituzke». Datuak ezagututa, Urola Kostako Udal Elkarteak etxebizitza horietara gutun bat bidaliko du. Bertan ikastaroak non eta noiz izango diren adieraziko die herritarrei, eta izena emateko zer egin behar den azalduko die.
Harrera «ona»
Azarotik aurreko bi faseak martxan ditu udal elkarteak, eta Guruzetak adierazi duenez, «harrera ona» izan dute herritarren artean, eta «emaitza positiboa» izan da.
Urola Kostan 262 familiak dute konpostagailua etxean, eta horietatik %93,89 aktiboak dira hondakin organikoa bereizterakoan.
Bestalde, Urola Kostako Udal Elkarteak hiru auzo konpostagailu eremu jarri ditu, eta dagoeneko martxan dira. «Eremu bakoitzean 6-9 familiak parte hartu dezake», zehaztu du Guruzetak.
Konposta ikastaroa
Egutegia
- Aia. Ekainaren 20an eta uztailaren 1ean, 19:00etan, kultur etxean izango dira ikastaroak.
- Getaria. Ekainaren 19an eta uztailaren 5ean, 19:00etan, Iturzaerta Eskolan emango dituzte ikastaroak.
- Orio. Ekainaren 18an eta uztailaren 3an, 19:00etan, Orioko Herri Ikastolan izango dira saioak.
- Zarautz. Ekainaren 21ean eta uztailaren 2an, 19:00etan, Urola Kostako Udal Elkartean izango dira ikastaroak.
- Zumaia. Ekainaren 17an eta uztailaren 4an, 19:00etan, Algorrin izango dira saioak.