Azpeitiko Elkar-ekin taldeak deituta, kapitalismoaren alternatiba ekonomikoen inguruko hitzaldi-eztabaida izango da ostegunean, 19:00etan, Sindikatu Zaharrean. Bertan, Coop57 ekimenaren berri emango du Pau Fernandezek (Bartzelona, 1979), Liher Gonzalezekin batera. «Coop57 kapitalismoari alternatiba baita», dio Fernandezek.
Coop57 ekimenaz hitz egitera etorriko zara Azpeitira. Zer da Coop57?
Zerbitzu finantzarioen kooperatiba solidarioa da. 1995ean sortu zen, Bruguera argitaletxeko langileen lan gatazkaren ondorioz. Enpresak ordainketak eten zituen, eta langileek borroka hasi zuten, bulegoak eta errotatiba okupatuz. Baina Guardia Zibilak kanporatu egin zituen, eta prozesua epaitegien esku gelditu zen. Hamar urtera langileen aldeko epaia eman zuten, enpresa azken hamar urteotako soldatak ordaintzera behartuz. Ordurako itxitako argitaletxea Planetak erosita zuen. Kaleratutako 57 langileek kalte-ordaina jaso zuten. Diru horrekin hainbat ekimen eraman zuten aurrera. Besteak beste, langabezian gelditu ziren langile haiek lana izateko kooperatibak sortzera bideratu zuten. Behin kooperatibak martxan jarrita, jasotako kreditua itzultzen hasi ziren, eta kreditua gero beste kooperatiba batzuei mailegua emateko erabili zen. Ekonomia sozialerako eta kooperatibetara bideratu zen. Azken batean,
Coop 57ren xedea ekonomia sozialean eta kooperatiboan ari diren proiektuak finantzatzea da.
Finantzatzen diren proiektuek edo elkarteek zer ezaugarri eduki behar dituzte?
Batik bat, finantzatzen diren kooperatibek oinarrizko hiru ezaugarri bete behar dituzte: entitateen kudeaketa demokratikoa izatea; hau da, erabakiak demokratikoki hartzea, asanblada bidez batik bat; irabaziak modu ekitatiboan banatzea; eta, ingurumenarekiko errespetua izatea.
Kooperatibak bazkideak ditu. Zein motatakoak dira?
Coop57k bi eratako bazkideak ditu. Batetik, pertsona fisikoak, bazkide kolaboratzaileak. Hauek diru ekarpenak egiten dituzte ekonomia sozialeko proiektuak finantzatzeko. Eta, bestetik, zerbitzu bazkideak daude; entitateak izaten dira, Coop57k proiektu kolektiboak soilik finantzatzen baititu. Coop57k hainbat finantza produktu du mailegua emateko: epe luze edo ertainekoak, finantzazio zirkulatzaileak, diru laguntzak aurreratzea, Coop 57ko entitate bazkideen artean interakzio maileguak, eta parte-hartze kredituak.
Ekarpenak nola itzularazten dira?
Urteko ordainsari bat jasotzen dute ekarpena egiten dutenek, %2 ingurukoa. Baina hori aldakorra da, ordainsariak eta
kredituen interes tipoak asanbladan erabakitzen baitira. Era horretan ez daude lotuta ez Euriborrari eta ez beste adierazle ekonomikoei. Hori da Coop57ren abantailetako bat, asanbladan erabakitzen dela interes tipoa edota ordainsaria. Gainera, bazkideek Coop57ko organo denetan parte hartzeko aukera dute, erabakietan parte hartuz.
Coop57 Katalunian sortu zen. Gaur egun non dago martxan?
Sarean funtzionatzen du Coop57k, baina lurraldeka dago antolatuta. Lurralde bakoitzeko funtzionamendua independientea eta autonomoa da. Atal bakoitzak bere organo propioak ditu, erabakiak hartu eta errekurtso propioak kudeatzeko. Baina, lurralde bateko sail batek boluntarioki beste bat lagundu dezake. Gaur egun, lurraldeko sekzioak sortuta daude Madrilen, Katalunian, Aragoian, Andaluzian eta Galizian. Estatuko beste lurralde batzutan talde sustatzaileak daude: Asturiasen, Valentzian eta orain Euskal Herrian. Baina Euskal Herrian lurraldeko atala sortzeko prozesuan gaude murgiduta. Dagoeneko hamalau edo hamabost bat entitaterekin hitz egin dugu, eta 30en bat bazkide kolaboratzaile lortu ditugu.
Egungo krisian, Coop 57 autoenplegurako aukera bat al da?
Hori da. Coop 57ren helburuetako bat ere horixe da, ekonomia soziala, etikoa eta solidarioa bultzatzea. Ekonomia sozialeko sare osoa harremanetan jartzea da ideia, egituratu eta jende guztiaren beharrak asetzeko.
Coop 57k zenbat proiektu lagundu ditu?
Martxan denetik 700 proiektu baino gehiago finantzatu ditu, finantza zerbitzu desberdinen bidez. Gaur egun, Coop 57ren bazkide diren entitateak 461 dira, eta bazkide kolaboratzaileak 2.800. Ekimenaren kapital soziala eta ekarpenak ia 16 milioi euro dira, emandako maileguak 9,4 milioi euro, eta parte-hartze tituluen kudeaketa 1,1 milioi euro. Ekimena arrakasta izaten ari da, eta azken urteetan goraka doa. Krisiak sortu duen testuinguruak eragin du hori; jendeak ekonomia sozialera jo du finantzazio bila. Euskal Herrian bertan gero eta gehiagok jotzen dute kooperatiba sortzera.