Manu Uranga, egoteko ezinezko modua

Aritz Mutiozabal 2013ko ekainaren 11

Decúbito manual (Eskuzko etzanera) erakusketako eskultura, Bilboko Rekalde aretoan. (Argazkia: Manu Uranga) Bilboko Maiatzak 2 kaleko 25. zenbakia. San Frantzisko auzo zaharrean dagoen eraikineko 5. solairua; hau da, teilatua maldan duen txapitula-erako etxebizitza. 2009 eta 2011 artean Manu Uranga artista zumaiarraren bizilekua eta sormenerako lekua izan zen, eta gune berezi hori izan du sorburu Maia­tzak 2, 25. Bilbo proiektua garatzeko orduan. Orain, proiektuaren hirugarren eta azken zatia aurkeztu du Bilboko Rekalde aretoaren Kabinete Abstraktuan, Decubito manual (Eskuzko etzanera) izenburupean. «Esperientzia pertsonal eta jakin horrek bultzatu ninduen proiektu artistikoari hasiera ematera, eta giza gorputzak etxebizitzaren gune arkitektonikoarekin dugun harremanari buruzko lehenengo hausnarketak egitera», azaldu du Urangak. Beraz, proiektu osoaren «epizentroa» eraikin horretan dago. «Egitura horren bereizgarri nagusia sabai jarraituaren isuri sakona da. Izan ere, mantsardeek baino ez  dute isuria eteten; hau da, teilatuaren gainetik irteten den leiho-mota horrek, XIX. mendeko eraikinetan hain ohikoa direnak». Eremua leku, lekua eremu Bizitzeko hartzen den eremua leku bilakatzen da; edo, alderantziz, leku batean bizitzerakoan, lekua eremu bilakatzen da. «Hortaz, eremua ibilitako lekua da, ekintzaren eta irudimenaren bidez abian jartzen dena», zehaztu du artista zumaiarrak: «Aterpea emateaz gain, eremuan bizipenak izaten dira, bizitza psikikoaren topografia izango balitz bezala. Nolabait esateko, espazio-esperientzia adina eremu daude». Decúbito manual (Eskuzko etzanera) ikus-entzunezkoa. Norbere espazio mugatua oinarri hartu zuen Urangak,  baina proiektuan zehar sortutako artelanek «beren autonomia» dutela eta «osotasun zabalagoa» eraikitzen dutela nabarmendu du. «Piezok gure gorputzek hartzen duten gunea eraldatzen dute. Era berean, etxebizitza sostengatzeko materialen egiturak forma berriak hartzen eta sorrarazten dituzte. Etxebizitzan oinarrituta eta proiektatuta dauden formak dira. Forma horiek, gainera, bilakatu egiten dira eta beste leku batzuetara egokitu. Hori horrela, berritu egiten da haien pertzepzioa». Proiektuaren aurreko bi atalak iaz aurkeztu zituen jendaurrean: Planta (Solairua) izan zen lehena, eta Bilboko Arkitektoen Elkargoan erakutsi zuen; ondoren, Planos (Planoak) paratu zuen Basauriko Ariz dorrean. Orain, uztailaren 23a bitartean, egitasmoa biribiltzen duen Decubito manual (Eskuzko etzanera) ikusteko parada izango da Rekalde aretoan. Egote abstraktua Decubito manual (Eskuzko etzanera) egoteko ezinezko modua da, guztiz abstraktua. «Egoteko forma asko dago: ahoz gorako etzanera, ahuspezko etzanera… eta nik asmatutakoa, eskuzko etzanera. Gune fisikoan beti, leku bat adieraziko eta seinalatuko digu».  Hori guztia islatzeko, eskultura eta bideo bana aurkeztu ditu erakusketan. Mutil baten gorputz-adarrek txakur txiki bat gobernatzen dute Ikus-entzunezkoan. «Mutilaren eskuak, besoak eta hankak, txakurraren gorputz-adarrekin harremanean, hobeto uler ditzakegu beraien asmoak, eta ,agian, zenbait kasutan, baita gureak ere». Eskulturak, berriz, perspektibak eta dimentsioak gainditu nahi dituen hezurdura bat dirudi. «Bi lan hauen izaera formal partikularrak beraiei bakarrik dagokien eran artikulatzen dira, gune eta espazio berri bat eskainiz. Kasik, gure gorputzek, oharkabean, gure eskeletoaren sistemaren bitartez okupatzen dugun espazioa imitatuko balute bezala». Maiatzak 2, 25. Bilbo proiektuko hiru atalak era praktikoan eta eraikitzailean aurrekusi ditu artistak hasieratik. Oro har,  «atal horiek ordena fisikoa eraldatzen dute, eta gauzatze eskultorikoaren bidez, eraikitako sekuentzia gisa bistaratu  daitezke». Edonola ere, «deborazkotasunezko atal bakoitza berrikusterakoan, zaila da  haien arteko desberdintasunetan funtsezko eragiketak antzematea; hau da,  jarduten eta azaltzen diren lekuen berezko izaerarekiko zentzua duten eragiketak antzematea». Hori izan da Urangaren erronka nagusia. Sorkuntza beka Rekaldeko erakusketa Bizkaiko Foru Aldundiak abiarazitako Barriek 2013 programaren barruan antolatu dute, eta sorkuntza artistikorako bekak eskuratu dituzten artistak plazara ateratzea du helburu. Artista zumaiarrak Bizkaiko Foru Aldundiaren Ikusmen Arteen Beka eskuratu zuen 2011-2012 ikasturtean, Maia­tzak 2, 25. Bilbo egiteko. Arte garaikidearekin eta artistekin konpromisoa izatea garrantzitsua dela iritzi dio Urangak. Hala ere, artistaren sormen lanak aurrera ateratzeko ezinbestekoak direla esatea «gehiegitxo esatea» dela iruditzen zaio. «Artistak, bestela ere, norberaren lan eta proiektuak beti atera izan ditu eta aterako ditu aurrera era batera zein bestera, bere eginbeharra baitu hori».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide