Itsasora ateratzen direnek gauza bitxiak aurkitzen dituzte. Batzuk igerian ari zen basurde batekin egin zuten topo. Ramon Larrañagak urrutitik zetorren buia bat aurkitu zuen orain gutxi. Hain urruti, Atlantikoko beste ertzetik zetorrela, Floridatik hain zuzen ere.
Florida Keys National Marine Sanctuary erakundearen Facebook orritik jakin dugu honen berri. Buia hau Looeko irla zingiratzuko babeslekuan zegoen soka moztu zen arte. Urrutiratzen joan zen, ozeanoko korrontetan sartu zen, Atlantikoko beste ertzeraino heldu zen, milaka itsas mila zeharkatu eta gero. Hori koloreko buia Ramon Larrañagak aurkitu zuen Zumaia parean eta porturaino eraman zuen atoian. Buiaren beheko partea itsas lanpenaz josita zegoen.
Behin arranplan konturatu zen ohar bat zeramala buiak. “Estatu Batuetako Gobernuarena zela jartzen zuen. Telefonoa hartu nuen eta Floridara deitu nuen, esanaz buia topatu nuela. Han esan zidaten argazki bat ateratzeko eta bidaltzeko”. Hala egin zuen eta argazki hori da erakundearen Facebookean agertzen dena. Ramonek jakin zuenez, Zumaian agertu dena ez da “ihes egin” duen buia bakarra. “Eskozian ere agertu omen da beste bat”.
Buia hori norbaitek errekuperatuko duen galdetzen du Floridako erakundeak. Zaila izango du, baratzera eraman du eta.