'Euskaraz osasuntsuago!' kanpainak aurrera darrai Zarautzen

Urola Kostako Hitza 2013ko ekainaren 7a

Badira bi hilabete, Zarauzko Euskal Herrian Euskaraz taldeak eta Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak Euskaraz osasuntsuago! kanpaina martxan jarri zutela. Kanpainaren helburua, familia mediku edo pediatra erdalduna duten herritarrek, hala nahi izanez gero, mediku euskalduna eskatzea da. Kanpainaren lehen balorazioa egin zuten antolatzaileek lehengo astean. Kanpaina zabaltzeko antolatutako ekintzetan herritarrek emandako erantzunarekin "oso pozik" daude, baino espero baino herritar gutxiagok egin dute familia medikuz edo pediatraz aldatzeko eskaera. Eskaera egin duten herritarren erdiak, familia mediku erdalduna du, eta beste erdiak, familia mediku elebiduna. Azken hauek, nahiz eta euskaraz jakin, pazientearekin gaztelaniaz mintzatzen dira. Euskarazko profila dute, baina ez dute euskara erabiltzen. Jasotako emaitza kontutan hartuta, kanpainari jarraipen "egokia" eman nahi diote orain EHE eta OEEko kideek, eta horretarako, inkesta bat egingo dute. Herritarrei kanpainaren berri izan duten edo ez galdetu, eta izan badute, eskaera egin edo ez egitearen arrazoiak jakin nahi dituzte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide