Hainbat kultur eragilek bat eginda, Oinkadak kale ikuskizuna egingo dute bihar

Nerea Uranga 2013ko ekainaren 7a

Oinkadak kale ikuskizunaren aurkezpena, udaletxeko arkupetan (Nerea Uranga) Ikuskizun berria kaleratuko dute bihar Azpeitiko hainbat kultur eragilek eta herritarrek bat eginik.  Oinkadak kale ikuskizuna da bihar, 19:30ean, herriko plazan hasi eta Alde Zaharrean barrena egingo dutena. Musika, antzerkia, dantza, kale animazioa eta kantua uztartuko ditu ekitaldi ibiltariak, besteak beste. Asteburu Musikalak ekimena dela edota sanjoanekin lotutako beste ekitaldi batzuk, herriko hainbat kultur eragilek elkarlanean jardun izan dute azken urteotan Azpeitian. Hortik behin eta berriro gauzak antolatzeko «herriko faranduleroak» elkartu izan direla azaldu dute bihar kaleratu duten ikuskizunaren aurkezpenean, Mari Jose Bikendi Juan Antxieta Musika Eskolako zuzendariak, Alaitz Olaizola antzerkigileak, Jaime Amenabar Julian Barrenetxea abesbatzakoak, Felipe Murillo Elektrotxarangakoak eta Mikel Ibarzabal Festa zinegotziak. «Faranduleroak deitzen diogu geure buruari, bakoitza arlo desberdinean gabiltza eta farandulako jendea gara. Guk lantzen ditgun disziplina desberdin hoien nahasketatik irtendu Oinkadak kale ikuskizunak. Gehienok barruan gehiago gaude ohituta eta badagiku apustu ausarta izan daitekeela, kalean egingo dugulako», azaldu du Olaizolak. «Musika eskolakook aspalditik genbiltzan herriko beste taldeekin batera ekitaldi desberdin bat egiteko gogoarekin, hala dei batekin hasi, hainbat bilera egin eta Oinkadak kale ikuskizuna osatu dugu», adierazi du Bikendik. Kultur eragileek eta herritarrek elkarlanean egin duten ikuskizun honekin, Azpeitiko Alde Zaharraren biziberritzeko planean ere eragin nahi dute. Horregatik, herriko plazan hasi eta Alde Zaharreko kaleetan barrena egingo dute. «Oinkadak ikuskizunak bizitzako etapa desberdinak azaldu nahi ditu, eta elkar lotutako sei gune izango ditu: hasieran plazan, jaiotza; Frontoi Txikiko parke ondoan, haurtzaroa; nerabezaroa, Erdikalean; heldutasuna, Etxe Zuri aurrean; zahartzaroa, Baigera inguruan; eta bukaera berriro plazara itzulitakoan». Bizitzako pausoak batera Ikuskizunaren izenak izaeraren berri ere ematen duela azaldu du Amenabarrek, «kale ikuskizunak pertsona baten bizia isladatzen du eta etapa batetik bestera pauso asko eman behar da. Guk ekimena diseinatzeko ere pauso asko eman ditugu eta biziak berak ere hala ematera behartzen gaitu. Oinkadak izena hortik etorri da». Bihar arratsaldean egingo duten ikuskizun horretan herritarrek ere parte hartzea nahi dute, hala aderazi du Murillok,  «gune batetik bestera elkarrekin joan eta bidea batera egitea da asmoa, bizitzako bide hori isladatzen duen kale buelta hori elkarrekin egitea». Alde Zaharra biziberritzeko ahalegian Oinkadak ekimena urrats bat gehiago izango dela eta parte hartuko duten guztiak zoriondu ditu Festetako udal ordezkariak. Musika Eskola Festa, etzi Asteburua Juan Antxieta Musika eskolakoentzako bete-betea izango da. Gaur, 18:30ean, herriko plazara aterako baitira instrumentuen erakustaldi batekin. Bihar, Oinkadak-en hartuko dute parte, eta igandean, Musika Eskola Festa dute, 11:00etatik 14:00etara Alde Zaharrean. Urola bailarako bost musika eskolek hartuko dute parte etziko jaialdian: Azpeitiko Juan Antxieta, Zumarragako Secundino Esnaola, Azkoitiko Bizkargi, Zestoako Ertxiña eta Zumaiako Txori Txiki.  «Urtero beste musika eskolekin elkartrukea egiten dugu, baina aurten apustu handi bat egin dugu bost musika eskola elkartuta. Festan denera 350 ikaslek hartuko dute parte», adierazi du Juan Antxietako zuzendariak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide