Enpresaguneko bi lokal alokagai jarri ditu Udal Elkarteak

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko ekainaren 6a

Urola Kostako Udal Elkarteak enpresa berriak sortzen laguntzeko zerbitzua du martxan; bertan enpresa sortu nahi duten herritarrei aholkularitza zerbitzua eskaintzen die eta bideragarritasun plana egiten, finantzaketa iturriak bilatzen edoa izapide administratiboak egiten laguntzen die. Horretaz gain, Enpresagune izeneko ekimena ere abian dute. Hori enpresa berrientzat gune bat da eta merkatu libreak baino baldintza hobeak eskaintzen dizkiete sustatzaile berriei enpresa sendotu bitartean. Enpresagune eremuan bi lokal huts ditu Urola Kostako Udal Elkarteak; 24,34 metro koadrokoa bata eta15,60 metro koadrokoa bestea eta alokagai jarri ditu. Enpresa sortu berri duten sustatzaileek bertan lan egiteko aukera izango dute. Lokalen xehetasunak Udal Elkarteak alokagai jarri dituen Enpresaguneko lokalek beren sarrera dute, udal elkarteko gainontzeko azpiegituraz bereizia; horretaz gain beren postontzia, giltza eta bulego bakoitzarentzat ate automatikoa eta komunak ere badituzte. Horretaz gain, instalazio elektrikoa, telefono zerbitzua eta Interneteko banda zabala ere jarrita dituzte. Bestalde, bulego bakoitzak Enpresaguneko sarreran identifikatzeko errotulu bat ere badu, enpresaren izena eta logoa bertan zehaztu ahal izateko. Zerbitzu osagarriak Enpresaguneko lokalen erabiltzaileek lokalez gain, beste hainbat zerbitzu ere izango dituzte eskura. Alde batetik, Enpresa Sustapeneko Zerbitzuko tutoreen laguntza, aholkularitza eta informazioa jasoko dute enpresaren kudeaketaren inguruko arloetan. Bestetik, udal elkarteak enpresa-kudeaketaren arloan antolatzen dituzten jardunaldi, ikastaro eta mintegietan doan parte hartzeko aukera izango dute Enpresaguneko erabiltzaileek. Izena emateko epea zabalik Enpresaguneko lokalal erabili nahi dituzten sustatzaile berriek uztailaren 12a arte izango dute udal elkartean eskaera egiteko aukera. Enpresagunearen inguruko informazio osatua nahi duten herritarrek www.urolakosta.org webgunean izango dute hori lortzeko aukera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide