Etxetik irteteko arazoak dituzten pertsonentzat Irtenbil programa jarriko dute abian Zarautzen ekainaren 15etik aurrera. "Arazo fisiko zein arkitektonikoak dituzten pertsonak kalera atera gabe geratzen dira askotan", azaldu du Adinekoen zinegotzi Karmele Alberdik. Horiei laguntzeko Gipuzkoako DYArekin hitzarmena sinatu du Zarauzko Udalak. "Askotarikoak dira eragozpenak. Batzuk igogailurik ez dute etxean, beste batzuk gurpildun aulkia erabiltzen dute eta hori igogailuan sartzen ez delako ez dira kalera irteten. Zenbaitetan igogailua eduki arren bertara sartzeko eskailera batzuk igaro behar izaten dituzte eta ondorioz gurpildun aulkian daudenak edota mugikortasun arazoak dituztenak zailtasunak izaten dituzte eskaratzera jaistteko. Guk etxetik irten eta etxera igotzen lagunduko diegu, inongo arazorik gabe", azaldu du DYAko Gizarte Zerbitzuetako arduradunak, Libe Olazabalek. Izan ere, horretarako baliabideak ditu DYAk. Eskaera egiten dutenek scalamobil, eskuzko beldarra edota liftcar deritzen aulkien bidez igo zein jaitsiko dituzte euren etxeetako eskailerak, DYAko bost teknikariren laguntzarekin.
Irtenbil zerbitzua doakoa da, eta beharra dutenek Zarauzko Udaleko Gizarte Zerbitzuetan eman beharko dute eskaera, 943-005110 telefonora deituta. Behin eskaera jasota, DYAko teknikariak senitartekoekin bilduko dira gerora, erabiltzailearen egoera aztertzeko. Etxea bera ere bisitatutako dute dituen ezaugarriak ezagutzeko. Eskaeraren arabera emango dute zerbitzua, goizez zein arratsaldez. Egun jakinen batean erabiltzaileren batek etxetik irten nahi ez badu abisatu egin beharko du. Horretarako, 943-464622 telefonora deitu daiteke.
Olazabalek jakinarazi du zerbitzu hau ez dela hirugarren adinekoentzat soilik: "Ebakuntza bat izan dutenek edota hanka apurtu dutenek ere baliatu dezakete Interbil programa. Finean mugikortasun arazoak dituen pertsona ororentzat da, edonolakoa dela ere arrazoia". Egun Errenterian eta Hondarribin ematen du DYAk zerbitzu hori, eta Donostian ere bai kasu puntualetan. Erabiltzaileak "oso gustura" hartzen dutela jakinarazi du, "askatasun handia" sentitzen dutela.