Larunbatean jokatuko dute Zarauzko Triatloia, eta ondorioz trafikoan zenbait aldaketa izango da. Bizikletaz egin beharreko ibilbidea ez da hasieran planteatutakoa izango, pasa den astean Getaria eta Zumaia arteko N-634 errepidean, Arranaitz parean zabaldutako zuloaren ondorioz kostako bidea itxita egongo baita hilabetez. Zarautz, Orio eta Aiatik igaroko dira, hortaz, triatloilariak.
Parte-hartzaileak Zarauztik Aiara igoko dira, Orio gainetik igaroz, eta handik Andazarratera iritsiz. Hortik Aiara itzuliko dira, eta Andatza aldera hartuz, Santiago errekatik Oriora jaitsiko dira. Talaimendira joko dute handik, Txurrukatik pasatu eta gero, eta ondoren Zarautzera helduko dira. Zirkuitu hori bi aldiz egin beharko dute, guztira 82 kilometro. 2.000 metroko gorabehera izango du ibilbide alternatibo horrek, eta 38 kilometroko igoera.
Ibilbideko aldaketen eta gogortasunaren ondorioz, igerian eta bizikletaz egin beharreko gehienezko denbora handitu dute. Lau ordu eta erdian egin beharko dituzte gizonezkoek bi probak, eta lau ordu eta 45 minutuan emakumezkoek. Bestalde, igeri eta bizikletako lehenbiziko itzulia gehienez bi ordu eta 45 minutuan egin beharko dute gizonezkoek, eta hiru orduan emakumezkoek.
Zenbait errepide itxita
Herriguneko zein landa eremuko errepide batzuk itxita egongo dira 14:30etik 18:30era. N-634 errepidea autoei itxiko diete Zarautz eta Orio artean, Orio gainean. GI-2631tik ere ezingo da igaro, Orio-Andarrazate norabidean, eta Aia eta Andarrazate bitarteko zatia erabat itxiko dute, bi norantzetan. GI-3710 errepidea ere itxiko dute Aia eta Orio artean. Hori dela eta, antolatzaileek ondoko ibilbide alternatiboak erabiltzeko eskatu diete herritarrei. Zarautzen ibiltzeko, Araba eta Bizkaia kaleetatik barrena pasatu ahalko dute autoek, Nafarroa kalea oso-osorik itxita egongo baita 14:15etik 19:00etara. Denbora horretan ezingo dira autoak garajeetatik atera. Zarauztik Oriora edo Getariara joateko ez da arazorik izango.
Aiatik Oriora edo Zarautzera iritsi nahi dutenek GI-2631 errepidetik Orio gaineraino (Laurgain auzotik barrena) jo beharko dute . Aiara igo eta hortik Orio gaineraino jaitsi beharko da, halaber, Andatzatik Oriora edo Zarautzera heltzeko. Lokatetik barrena ere joan ahal izango da. Santiagotik irteteko Aiara igoko dira auzotarrak, eta hortik Orio gainera jaitsi. Modu horretan joan ahalko dute baita ere Oriora eta Zarautzera. Lokatetik barrena ere joan ahal izango da.
Larrialdiren bat gertatuz gero, errepideak ireki egingo dituztela jakinarazi dute antolatzaileek, anbulantziak edota suhiltzaileak igaro daitezen. Lasterketak iraun bitartean, boluntarioak egongo dira bidegurutzeak zaintzen. Horien azalpenak errespetatzeko eskatu dute, arazorik egon ez dadin. Probak eragin ditzakeen eragozpenagatik barkamena eskatu dute.